Celine Suguna Indiako aktibistari harrera egin diote udaletxean

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 23a, 09:00

Suguna Calcuta Ondoan GKEren eskutik Zarautzen da egunotan. Atzo film baten proiekzioan eta solasaldian parte hartu zuen Emakumeen Etxean; gaur, marmara metodologiari buruzko tailerra emango du Arrosategin 10:00etan.

Udaletxean harrera egin zioten atzo Celine Seguna Indiako Vimochana erakunde feministako kideari. Izan ere, Seguna Zarautzen izan da Calcuta Ondoan GKEren eskutik, eta udalak Indiako Karnataka estatuko Bangalore hiriko Vimochana indarkeria matxistari aurre egiteko erakundearen sorreran ekonomikoki lagundu zuenez gero, ongietorria egin zioten Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak eta Itziar Murua EH Bilduren zinegotziak.

Bisitaren harira, Malad, vivir o no filmaren emanaldia eta mahai ingurua izan ziren atzo Emakumeen Etxean. Gaur, larunbata, Marmara metodologia tailerra izango da Arrosategi parean 10:00etan hasita. Jakinarazi dute beharrezkoa dela aurrez Emakumeen Etxean izena ematea. 

Honako azalpena eman dute tailerraren inguruan: Mara hitzak zuhaitza esan nahi du Karnatako (India) kannada hizkuntzan. Haizeak astintzen dituen hostoen zurrumurruak dira marak. Marmarek espazio berriak eraikitzen dituzte, espazio publikoak. Bertan, unibertsala den orori aurre egiten dioten eta bertako ezagutzak errekuperatzen dituzten espazio politikoak ematen dira. Zuhaitzak inguratuz modu horizontalean eseri eta bizitzarekin konexioan eztabaidatu eta hausnarketa egin. Gure burmuinak elkartu, arazoetan pentsatu eta indarkeriak dituen alderdi anitzak diskurtso politikora, plaza publikora ekartzeko modu sortzaile eta irudikorretaz hausnarketa egitera gonbidatzen dituen tailerra da marmara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide