DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ines Itsaso: "Diseinatzaile eta estilista lanak osagarriak dira"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 22a, 10:03

Ines Itsaso estilista eta moda diseinatzaile zarauztarra. (Ines Itsasok utzitakoa)

Ines Itsaso estilista eta diseinatzailearen hainbat soineko aukeratu dituzte Zinemaldiko izarrak janzteko. New Yorken bizi den zarauztarra "oso gustura" dago sortu zaion aukerarekin, eta bere lanaz aritu da Hitzarekin.

Zinemaldiko Izarrak Janzten egitasmoan parte hartzeko aukeratu zaituzte.

Bai, New Yorken [Ameriketako Estatu Batuak] bizi naiz ni, eta estilista gisa lan egiten dut bertan. Hainbat festatara joan behar izaten dut, eta niretzat eta nire lagun modeloentzat soineko bereziak diseinatzen ditut. Zinemaldiko Izarrak Janzten egitasmoan aukeratu dituzten soinekoak festa horietarako sortutakoak dira, hain zuzen ere. Ekimenak Euskal Herriko diseinatzaileoi gure sorkuntzak aurkezteko aukera ematen digu; hamar soineko aurkeztu nituen, eta lau aukeratu dituzte. Polita iruditzen zait New Yorken sortutako soineko horiek orain Donostian ikusgai izatea, baina oraindik ez dakigu nork erabiliko dituen.

Zure lana Euskal Herrian ezagutarazteko balioko duela uste al duzu?

Bai, hamazazpi urte daramatzat kanpoan: azken bost urteetan New Yorken, baina aurretik Bartzelonan, Alemanian eta Londresen bizi izan nintzen. Nire ibilbide profesionala Euskal Herritik kanpo garatu dut beti, eta  abeslariak, aktoreak eta Arabiako erreginak jantzi izan baditut ere, sekula ez ditut egin jantziak Euskal Herriko ekitaldi baterako. Horregatik da garrantzitsua etxean ere nire lana aintzat hartzea.

Uste duzu Euskal Herrian ari dela pixkanaka modaren mundua indarra hartzen?

Zaila da jakitea. Azken egunetan ikusi dudanagatik, sektorean badago mugimendua, baita gogoa ere.

Estilista eta diseinatzaile lana uztartzen al dituzu?

Nik moda diseinua eta estilmoa ikasi nituen Bartzelonan, eta Londresko Central Saint Martinsen emaztegaien soinekoetan espezializatu nintzen. Nire pasioa da oihal polit bat hartu eta horrekin soinekoak egitea, baina egunerokotasunean estilista gisa egiten dut lan hainbat aldizkarirentzat eta moda etxe garrantzitsuentzat. Nire bezeroen artean daude, besteak beste, Harper’s Bazaar, Esquire, Vogue, Glamour, One, Kinfolk, AD, Elle, Smoda eta Marie Claire aldizkariak eta Harry Winston, Cartier, Loewe, Carolina Herrera, Longines edota Moschino moda etxeak. Diseinatzaile eta estilista lanak osagarriak iruditzen zaizkit, eta oso gustura nago bi alderdiak uztartuz. Pozik sentitzen naiz.

Zertan saiatzen zara izar horiek janzten dituzunean?

Egoerara egokitu behar da beti, eta estilistontzat garrantzitsua da pertsona horiek zertarako janzten dituzun jakitea. Adibidez, izar bat aurkezpen edo gala baterako janzten dudanean, dotore janzten dut, parte hartu behar duen ekitaldirako egoki. Aktore, abeslari edo modelo horiek aldizkarietako argazki saioetarako janzten ditudanean, berriz, pertsonaiaren izaera azaltzen saiatzen naiz, moda etxe handietako jantziak erabiliz.

Modaren mundua oso konplexua dela esaten dute askok, baina zuk lortu duzu goi mailan aritzea. Egindako bideaz harro sentitzen al zara?

Bai, noski baietz. Marka handiekin lan egiten dudanean edo moda aldizkariek nire lanean sinesten dutenean, konturatzen naiz lortu dudala nire lanbidean aurrera egin eta goi mailara iristea. Zinemaldiko izarrak janzteko eman didaten aukera beste urrats bat izan da bide horretan, eta oso gustura nago orain arte egin dudan bidearekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide