Udazkeneko kultur eskaintza ere orotarikoa bezain zabala izango da

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 22a, 11:00

Agurtzane Aizpuru, Myriam Gonzalez Txabarri, Irune Urbieta eta Idoia Etxebarria udazkeneko kultur eskaintza aurkezten. (Zarauzko Udala)

Guztira, ia 40 ekitaldi antolatu dituzte gaur hasi eta abendua bitarterako. Artista ezagunek ez ezik, herriko beste hainbatek  ere izango dute beren lanak jendaurrean aurkezteko aukera

Amaraun. Irunez iraun ikuskizunarekin zabalduko dute gaur arratsaldean Zarauzko Udalaren udazkeneko kultur egitaraua. Orotara, 39 emanaldi antolatu dituzte abendua bitarterten, eta denetarik izango da: antzerkia, musika, dantza, bertsolaritza... Hori horrela, udan oparoa izan den kultur eskaintzak jarraipena izango du negura arte.

20:00etatik aurrera Modelo aretoan eskainiko duten Amaraun ikuskizuna izango da abiapuntua, esan bezala, eta sarrerak oraindik eskuragarri daude. Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak sortu dute ikuskizuna, eta amatasunari buruzko hausnarketa egin nahi izan dute kantua eta dantza uztartuta.

Gainerako ekitaldietarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, baina izango dira dohainik jarraitu ahalko diren saioak ere; urriaren 5ean eskainiko duten Tu-Tum Platz Jon Plazaolaren bakarrizketa, esaterako. Adinekoen Astearen barruan antolatu dute, eta emanaldia hasi baino ordubete lehenago hartu beharko dira gonbidapenak Modeloko leihatilan.

Antzerkiari lotuta, beste hiru saio izango dira aipaturikoaz gain; tartean, Itziar Urretabizkaia oriotarra protagonista izango duen Bost minutun. Martxoaren 8an zuten eskaintzekoa, baina bertan behera utzi ondoren, azaroaren 3an emango dute, azkenean. Aktore zarauztarrik ere izango da Modeloko oholtzan; izan ere, Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlaneko aktoreetako bat da Iñigo Azpitarte, eta abenduaren 8an taularatuko dute.

Haurrei zuzendutako eskaintzarik ere izango da; lau ekitaldi, zehazki. Horien artean, Gabon magikoak magia ikuskizuna da nabarmentzekoa, gala berean lau mago elkartuko dituztelako lehen aldiz. Abenduaren 17an eskainiko dute, Gabonen atarian.

Musikak ere izango du lekua Modelon datozen hilabeteetan. Lau kontzertu eskainiko dituzte, eta Frank Delgadoren doinu kubatarrekin eramango diete hasiera horiei, urriaren 27an. Beste hiru kontzertuak azaroan eskainiko dituzte: 10ean, Olatz Zugastik bere azken diskoa aurkeztuko du; 15ean, Arima Soul etxeko taldea arituko da, eta, 22an, Iñaki eta Olatz Salvador osaba-ilobak. Horrez gain, erakusketak, literatur saioak eta bestelako ekitaldi bereziak izango dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide