Duela 12 urte lurperatutako kaxalotearen hezurdura berreskuratu dute

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 21a, 12:00

Kaxalotearen hezurdura berreskuratzen ari dira (Aquariuma)

Donostiako Aquariumeko lantaldea ari da Zarauzko hondartzan hondoa jota geratu zen animaliaren hezurrak banan-banan errekuperatzen. Batzuk egoera onean daude, baina beste batzuk, ordea, ez hainbeste.

Astelehenetik lanean ari dira duela 12 urte Zarauzko hondartzan hondoa jota geratu zen kaxalotearen hezurrak ateratzeko. Donostiako Aquariumeko historialari Alex Larrode da jarduketa honen arduraduna, eta bere taldearekin batera ari da egunetan prozesua aurrera eramaten.

Hondeamakina baten bidez, harea eta legarra kendu eta kaxalotearen hezurrak banan-banan berreskuratzen ari dira. Hezurren % 80 inguru errekuperatu dute. Aditzera eman dutenez, horietako batzuk oso egoera onean daude, baina beste batzuk ez hainbeste. Behin hezurrak lur azpitik ateratakoan, Donostiako Aquariumak Intxaurrondo auzoan duen pabiloira eramango dituzte.

Joan den abuztuaren 1ean indusketa lanak egin zituzten hezurren egoera egiaztatzeko, eta egoera onean zeudela egiaztatu ondoren, aste honetarako antolatu dute lurpetik ateratzeko prozesua. 2011ko abuztuaren 28an jo zuen hondoa Zarauzko hondartzan 15 metroko luzera zuen kaxaloteak, eta, ondoren, Hernaniko lurretan egindako zanga batean lurperatu zuten. Etorkizun batean atzera bertatik errazago atera ahal izateko, hartxintxar-geruza batez estali zuten.

Kaxalote ale benjamin bat dela nabarmendu dute, hortzak higatu gabe zituelako. Espezie hau bakarrik bizi ohi da, euskal kostaldean oso ohikoa, eta 3.000 metroraino urperatzeko gai da, bi orduz lurrazalera irten gabe.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide