Nik Tri triatloi elkarteak antolatuta, bigarrenez egingo dute Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia igandean Zarautzen. Guztira, 478 lagunek parte hartuko dute: 239 emakumek eta beste hainbeste gizonek.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, izena eman dutenen %25 baino gehiago dira zarauztarrak; 127 lagun, zehatzago esateko. Gainerakoak kanpotik bertaratuko dira, Gipuzkoako herrietatik batez ere, baina Bizkaitik ere asko animatu direla nabarmendu du Maddi Etxeberria Nik Tri elkarteko kideak: "Hainbat lekutatik datoz parte hartzaileak; Bizkaitik %20 inguru, eta Nafarroatik ere etorriko dira. Horrez gain, izena eman duen Castro Urdialesko [Espainia] baten bat ere bada".
Parte hartzeari lotuta, era berean, Etxeberriak azaldu du iazko lehen edizioak izandako arrakastaren ondoren, izen emate kopurua handitzea erabaki zutela: "Oso gustura geratu ginen jasotako erantzunarekin, 200 bikoterentzako lekua izan genuelako eta plaza guztiak bete zituztelako. Bigarren ediziorako anbiziotsuak izan gara, eta 250 bikotera handitu dugu plaza kopurua. Erantzuna sekulakoa izan da berriro, eta iaz baino 78 lagun gehiagok egingo dute proba".
Probari erreparatuta, hain justu, antolatzaileek argitu dute denborak apuntatuko dituztela, baina ez dutela sailkapenik egingo: "Lehiakortasuna alde batera utzi eta parte hartzaileak eroso eta gustura aritzea da helburua. Triatloiaz gozatzeko eguna izango da". Saririk izango da, dena den: bizikleta bat, dortsala eramatekoa eta otarra, hain zuzen ere. Zozketa egingo dute horien irabazleak zehazteko, eta gaur bertan izango da hori.
Aurten ere bada B planik
Ibilbideari erreparatuta, bestalde, zailtasun handiegirik ez du izango: 350 metro igerian, moilatik hondartzaraino; zazpi kilometro bizikletaz, Munoa plazatik Getariara iritsi aurreko Iturritxikira eta buelta, eta bi kilometro eta 250 metro korrika. Bizikletak Munoan utzi ondoren, itsas pasealekuan egingo dute korrika parte hartzaileek Arguiñanoraino, eta Duke Enea parean izango dute helmuga.
Iazko ibilbide bera da aurtengoa, baina triatloiaren ordez, duatloia egin zuten orduan; izan ere, itsasoaren egoera dela-eta igeriketako zatia kendu behar izan zuten behin proba hasita. "Zurrunbiloa sortu zen moilan, eta dena hankaz gora jarri zuen. Aurten espero dugu triatloia izatea. Aurreikuspenen arabera, baldintza egokiak izango ditugu, baina badugu B plana: korrika, bizikleta eta berriro korrika. Proba egunean bertan Euskadiko Triatloi Federazioarekin eta Gurutze Gorriko ordezkariekin elkartuko gara, eta haiekin hartuko dugu erabakia. Txikia izanik ere, zalantzarik bada, B planera joko dugu", esan du Etxeberriak.
Proba 11:30ean hasiko da, eta pilaketak saiheste aldera, minutuko tartearekin abiatuko dira kirolariak hamar bikoteko multzoetan. Lehenengoan, aniztasun funtzionala duten parte hartzaileak izango dira 1, 2 eta 3 dortsalekin. Halaber, jakinarazi dute, 11:30etik 13:00etara errepidea itxiko dutela Zarautz eta Getaria artean.