Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak zineforum saioa eta tailerra antolatu ditu Zarautzen aste honetarako. Zarauzko Solidaritate Koordinadora izan du laguntzaile, baita udala, aldundia eta Emakumeen Etxea ere.
Bi ekintzetan, emakume bat izango da protagonista: Celine Suguna aktibista indiarra. Indiako Bangalore zonaldeko Vimochana elkarte feministako kidea da Suguna, eta elkartearen lanaren berri emango die zarauztarrei ostiralean nahiz larunbatean.
Ostiralean, Malad, vivir o no dokumentala erakutsiko dute Emakumeen Etxean, 18:30ean, eta ondoren, solasaldia izango da. Han hartuko du hitza Sugunak, eta harekin izango da Calcuta Ondoan elkarteko zuzendari Iñigo Eguren. Gaztelaniaz izango dira bai zineforuma, bai solasaldia. "Solasaldiaren helburua da Indiako emakumeen estrategiez eta gainditzeko gaitasunaz hitz egitea", antolatzaileek azaldu dutenez.
Larunbatean, berriz, Marmara metodologia izeneko tailerra eskainiko du aktibista indiarrak. Saioa Arrosategi parkean izango da, 10:00etatik 12:30era, gaztelaniaz.
Bi ekintzak doakoak direla azaldu dute antolatzaileek, baina izena aurrez ematea derrigorrezkoa izango da, tokia mugatua delako. Izena Emakumeen Etxean bertan eman daiteke (Nafarroa kaleko 3. zenbakian), edo telefonoz, 943-00 51 36 zenbakira deituta.
Film laburra elkarlanean
Malad, vivir o no izeneko lana film laburra da, eta Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak Indian Vimochana elkartearekin batera egiten duen lana jasotzen du. Fernando Verak zuzendu du, eta aurreratu dutenez, "zailtasunez beteriko testuinguru batean, Indiako emakumeek egoera gainditzeko duten ahalmenari buruzkoa da".
Dokumentalak senarrak hainbat aldiz torturatu eta larriki zauritu duen emakume baten testigantza jasotzen du, Malad izenekoarena, eta haren borroka senarra utzi eta aurrera egiteko, aurrena bakarrik, eta ondoren, Vimochana elkartearen laguntzari esker. Elkarteak egiten duen lanaz ere hitz egiten du ostiral arratsaldean eskainiko duten ikus-entzunezkoak.