Gipuzkoa munduratzeko ibilaldia

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 20a, 10:30

Sonia Ziani 'Gipuzkoa Surf Trip' dokumentala grabatzen Orroagan. (Surf Chanel)

Sonia Ziani oriotarra protagonista duen ‘Gipuzkoa Surf Trip’ dokumentala aurkeztuko dute gaur, Zarauzko Modelo aretoan. Surf eta skate kirolak ditu ardatz lanak, eta gonbidatu asko.

Surf eta skate kirolak ardatz hartuta, Gipuzkoa munduan ezagutaraztea helburu duen Gipuzkoa Surf Trip dokumentala ekoitzi du Surf Channel kateak. Sonia Ziani surflari oriotarra da dokumentalaren protagonista nagusia, baina ez bakarra, bidelagun izango baitu Nic Von Rupp olatu handietako surflari portugaldar-alemaniarra. Gaur aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa Zarauzko Modelo aretoan, 18:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Grabaketak egin eta sei hilabetera dator dokumentala, baina Zianik ondo gogoan du nola iritsi zitzaion parte hartzeko proposamena. "Aitor Gabiña Surf Channel kateko zuzendariak jo zuen nigana, Gipuzkoa munduari ezagutarazteko proiektu bat esku artean zuela. Surf eta skate kirolak ardatz izango zituen dokumentala egin nahi zutela azaldu zidan Aitorrek, eta proposatu zidan ni izatea Gipuzkoaren enbaxadorea. Esan zidan asmoa zela surfean mundu mailan profesionalak diren kirolariak gurean hartzea, eta haiei erakustea Gipuzkoa, baina ez soilik kostaldeko lekuak, baita barrualdekoak ere; izan ere, surf eta skate kirolak batez ere kostaldean praktikatzen diren arren, Gipuzkoa osoan dute eragina". Dokumentaleko gonbidatu nagusia Nic Von Rupp izatea pozarren hartu zuela aitortu du Zianik. "Nic oso ezaguna da olatu handietan egin dituen balentriengatik; besteak beste, bera da Nazareko (Portugal) olatu handien aurtengo txapelketaren irabazlea".

Gipuzkoan surf eta skate kirolen bueltan dagoen kultura Von Ruppi erakusteko helburuarekin, Zianik eta biek furgoneta batean astebetez Gipuzkoan barrena egindako ibilaldia jasotzen du dokumentalak; hortik lanaren izena: Gipuzkoa Surf Trip. Zumaian, Getarian Zarautzen, Orion, Donostian, Hondarribian eta Hendaian (Lapurdi) ibiliko dira, surfak indar handia duen lekuak direlako guztiak ere, baina baita Bergaran, Azkoitian, Eibarren, Errenterian, Oiartzunen eta Irunen ere. Barrualdeko herri horietan, Ipar Surf eta Skate Eskola eta Leku Skate House bisitatuko dituzte, besteren artean. Horrez gain, olatu ehizan ibiliko dira Ibon eta Iker Amatriain aita-semeekin, Indar Unanuerekin, Janire Gonzalez-Etxabarrirekin, Pierre Rolletekin eta beste hainbat surflarirekin, eta Aritz Aranbururekin ere elkartuko dira hark antolatzen duen Kind Surf Challenge txapelketaren inguruan solasteko.

Gainera, surf oholak eta surfskateak egiten dituzten hainbat enpresatara ere joango dira haietan egiten dutena bertatik bertara ezagutzera; besteak beste, Zarauzko Agote Surfboards enpresara, Getariako Abian skate fabrikara eta Zarauzko Yow surfskate lantegira. Enpresa horiek ekoizten dituzten produktuak mundu mailan lehiatzen ari direla zehaztu du Zianik, eta kasu askotan, etxean ezezagunak direla. "Ohitura handia daukagu munduan barrena egiten ari diren proiektu ikusgarriez hitz egiteko edo erreferentziatzat kanpoko gauzak hartzeko, etxean zer daukagun ohartu ere egin gabe. Adibidez, AEBetan olatu artifizialak sortzen dituen igerileku bat eraikitzen ari direla-eta hari begira jartzen gara, jakin ere egin gabe hemen ere hori egiten ari garela. Kanpokoa idolatratzeko joera handia daukagu, etxean daukagunari baliorik eman gabe, eta dokumental honekin, etxean bertan daukaguna ezagutarazi nahi izan dugu batetik, eta daukan balioa eman bestetik".

Dokumentalaren haria surf eta skate kirolak diren arren, ikus-entzunezkoa janzteko gastronomiari eta euskal kulturari lotutako beste hainbat gauza interesgarri ere bildu dituztela aurreratu du Zianik, eta merezi duela ikustea. "Neuk ere ez dut dokumentala osorik ikusi oraindik, nahiago izan dut aurkezpen egunera arte itxaron, baina oso ziur naiz". Ikusmina duenari gaurko emanaldira joateko gonbita egin dio oriotarrak, agian beste aukerarik ez delako izango. "Momentuz behintzat, kanal pribatuen bidez bakarrik zabalduko dute lana". Dokumentala gaztelaniaz ekoitzi dute osorik.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide