Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi du haur eta gazteen literatura sailean, Zerria lanagatik. Aipatu obrak Lizardi Sariaren 40. edizioa irabazi zuen 2021ean, eta ondoren, Erein argitaletxearen babesean eman zen argitara.
Lizardi Saria 2022ko Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Egunean jaso zuen, apirilaren 2an, Modelo aretoan; 1991an jaso zuen Lizardi Saria estreinakoz Zubizarretak, Matias Ploffen erabakiak liburuagatik, eta hunkituta azaldu zen Zerria lanarekin bigarrenez irabazi zuelako.
Sari batek bestea ekarri dio, orain. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak jakinarazi duenez, epaimahaiak Zubizarretaren narratibaren "kalitatea" eta kontakizunaren "indarra" baloratu du. Era berean, kontzientzia, memoria eta oraina mugiarazteko erakutsi duen "maisutasuna" azpimarratu du, baita idazlearen idazkera fina eta dotorea ere.