Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak Gipuzkoan Gazte Tour zirkuituaren edizio berria aurkeztu berri du. Musika eta arte eszenikoak uztartzen dituen programa da, eta helburu du nerabe eta gazteei kultur programazio erakargarria eskaintzea.
Aurten, bederatzi udalerritan eskainiko ditu edukiak zirkuituak, eta bigarren geldialdia Zarautzen izango da. Urriaren 7an iritsiko da Gazte Tour herrira. Hiru kontzertu prestatu dituzte egun horretarako: Kai Nakai, DJ Oihan Vega eta Bikabi talde zumaiarra igoko dira Munoako oholtza gainera, 19:30etik aurrera.