Hainbat ekintza antolatu ditu Parekidetasun Sailak hil honetarako

Intza Trula 2023ko ira. 18a, 16:00

'Malad, vivir o no' dokumentaleko irudia (Hitza)

Baginaren bakarrizketak emanaldiarekin eman zioten hasiera pasa den ostiralean hil honetako egitarauari, eta datozen egunetarako hainbat ekintza antolatu dituzte Emakumeen Etxean. 

Zarauzko Udaleko Parekidetasun Departamentuak irailerako antolatutako ekintzak aurrera doaz, eta ostiralean Baginaren bakarrizketak antzezlana eskaini ostean, datozen egunetarako beste lau ekintza prestatu dituzte Emakumeen Etxean.

Hori horrela, ostegun honetan gaztelaniaz ortografia lantzeko tailerra antolatu dute, 18:30ean. Bertan, ortografia-gidaren aurkezpen labur batekin, hitzei azentua jartzen irakatsiko diete bertaratzen direnei, modu erraz, erakargarri eta eguneratu batean.

Hurrengo egunean, ostiralean, Gizarte Zerbitzuetako Immigrazio Sailarekin elkarlanean, Malad, vivir o no emakumearen aurkako indarkeria oinarri duen filma eskainiko dute. 18:30ean izango da saioa, Emakumeen Etxean. 

Larunbatean, berriz, marmara metodologia tailerrean parte hartzeko aukera izango dute Arrosategi parkean, 10:00etan. Honako tailerra, aurrekoa bezala, Immigrazio sailarekin batera antolatutakoa da. Zuhaitzak inguratuz modu horizontalean eseri eta bizitzarekin konexioan eztabaidatu eta hausnarketa egitea da helburua; burmuinak elkartu, arazoetan pentsatu eta indarkeriak dituen alderdi anitzak diskurtso politikora, plaza publikora ekartzeko modu sortzaile eta irudikorrez hausnarketa egitera gonbidatzen dituen tailerra da marmara.

Azkenik, zahartzaroko harremanak gaia oinarri hartuta, egitarauari amaiera emateko kafe tertulia antolatu du parekidetasun departamentuak. Azken ekintza hau irailaren 28an izango da Emakumeen Etxean, 18:30ean. 

Interesa dutenek informazio gehiago aurki dezakete www.emakumeenetxea.zarautz.eus helbidean, eta, ikastaroetarako izena ematea 943-00 51 17 zenbakian edota berdintasuna@zarautz.eus helbidean egin daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide