Lau hitzaldi antolatu ditu Afagik zarauztarrak alzheimerraz kontzientziatzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 18a, 10:49

Paquita Enbil izena jarri die Zarauzko jardunaldiei, eta hurrengo asteazkenean izango dira, hilaren 27an. Jardunaldia amaitzeko antzezlan bat eta kontzertua eskainiko dituzte. Ostiralean, berriz, informazio mahaia jarriko dute elkarteko boluntarioek.

Alzheimerraren Munduko Eguna izango da irailaren 21a, ostegun hau, eta egun seinalatu horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Afagi elkarteak Gipuzkoa osoan zehar. Horietako batzuk Zarautzen izango dira; zehazki, Paquita Enbil jardunaldiak egingo dituzte hurrengo asteazkenean, hilak 27, eta ostiralean, berriz, mahai informatiboa jarriko dute.

Jardunaldietan lau hitzaldi eskainiko ditu alzheimerraren kontrako elkarteak gaixotasuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko: diagnostikoa, familien laguntza, dolu aurreratua eta estimulazio kognitiboa. Jardunaldiak amaitzeko, antzezlan bat eta kontzertua antolatu dituzte.

Giza katea Donostian

Urtero bezala, Afagik aurten ere giza katera deitu du. Donostian egingo dute hori, larunbatean, hilak 23, eta 12:00etan jarri dute hitzordua, Cervantes plazan.

Aurtengoa, gainera, hamargarren aldia izango da, eta elkarteak azaldu du giza katea egitearen helburua dela "aldarrikatzea zeinen garrantzitsua den lantzea alzheimerraren kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, diagnostikoa, tratamendua eta dolua".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide