"Orokorrean, hondartza denboraldiaren balorazio positiboa egiten dugu"

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 16a, 11:00

Iban San Martin Zerbitzuen zinegotzia, Munoan, atzean hondartza duela. (Zarauzko Udala)

Sorospenaz arduratu den BPXport enpresak 205 pertsona artatu ditu uda honetan, eta 140 erreskate egin ditu uretan.

Atzo amaitu zen hondartza denboraldia eta horrekin batera, hilabeteetan martxan izan diren sorospen eta toldo zerbitzuek ere bukatutzat eman dituzte beraien jardunak. Zentzu horretan. Zarauzko Udaleko Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martinek adierazi duenez, "orokorrean, hondartza denboraldiaren balorazio positiboa egiten dugu". Bere esanetan, "karabela portugaldarren eta uztaileko eguraldi nahasia alde batera utzita, zarauztarrek zein bisitariek gure hondartzaz eta Zarautzek eskaintzen dituen gainontzeko gauzez gozatzeko aukera izan dute". Segurtasunari dagokionez ere, normaltasuna nagusi izan da uda honetan eta ez da aparteko arazorik izan

Aurten denboraldia hamabost egunez aurreratu dute, eta ekainaren hasieratik egon dira indarrean zerbitzuak.  BPXport enpresak kudeatu du sorospena, eta 205 pertsona artatu ditu udaldian; horietatik 41 inguru izan dira ondoren osasun zentroetara bideratuak. Uretan, berriz, 140 erreskatatu egin dituzte aurten, iaz baino apur bat gutxiago; 2022an 155 erreskate erregistratu zituzten. Sorospen zerbitzuak bainu egokitua ere eskaini du udan zehar eta hamasei laguni eman die zerbitzua; gehiena, abuztuan zehar izan da, hamabi izan direla.

Denboraldia eta sorospen zerbitzua amaituta badira ere, oraindik jendeak hondartzara joaten eta bainatzen jarraitzen du. Hori dela eta, udalak gogorarazi du aurrerantzean tentuz ibiltzeko uretan, batik bat itsasoko korronteekin. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen hondartza garbiketa zerbitzuak hilabete amaierara arte jarraituko du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide