Alderdiaren Egunaren barruan, Zarauzko Uri Buru Batzarrak Alderdiaren Astea antolatu du aurten ere. Hori horrela, hainbat jarduera prestatu ditu Batzokian datorren asteari begira, "zarauztar guztiengana gerturatzeko helburuarekin", eta horietan parte hartzera animatu nahi dituzte afiliatuak, alderdikideak eta herritarrak.
Aurtengo egitarauari asteartean ekingo diete, irailaren 19an, eta egun horretan lau alderdikide omenduko dituzte, 19:00etan hasita: Emilio Lopez, Mª Rosario Esnal, Itziar Alberdi eta Juan Luis Gurrutxaga Txokolo. Hurrengo egunean, irailaren 20ean, Imanol Lasa Gipuzkoa Buru Batzarreko kideak hitzaldi-elkarrizketa politikoa eskainiko du. 19:00etatik aurrera.
Astea biribiltzeko, igandean, irailaren 24an, Alderdiaren Eguna ospatuko dute Forondako zelaietan. Bertaratzeko autobusa antolatu dute jeltzaleek, eta 09:00etan aterako da Batzoki aurreko geralekutik. Izena aldez aurretik eman beharko da Batzokian bertan.