Udazkenari doinu beroak

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 15a, 10:00

Rafa VillafaƱa, Leire Arana, Lidia Insausti eta Mikel Makala, jaialdiaren aukezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Irailaren 29tik 31ra ospatuko dute Adarretatik musika jaialdia. Munoan ez ezik, aurten Musika Plazan ere eskainiko dituzte kontzertuak. Rafa Villafañak irekiko du aurtengo edizioa.

Ekitaldiari «garrantzia eta lekua» emate aldera, aurten Adarretatik musika jaialdia uztailetik iraila amaierara aldatzea erabaki dute. Udan ehunka aukera izaten denez, irailaren 29tik 31ra ospatzeko «apustua» egin dutela azaldu du Leire Arana udaleko zinegotzi ordezkariak: «Jaialdi hau herrian antolatzen diren beste musika ekitaldien osagarri da, eta jada egonkortuta dago. Gure filosofia da denetarik eta denontzat eskaintzea, eta Adarretatik egitasmoak musika mota ezberdinak uztartzen ditu, estilo jakin batzuk. Zentzu horretan, aberasgarria dela iruditzen zaigu».

Jaialdiaren antolatzaile den Enbor Akzio Kulturaleko arduradun Mikel Unzurrunzaga Makalak azaldu duenez, data aldaketa ez da izango aurtengo berritasun bakarra. Hastapenetatik herriko hainbat tokitan emanaldiak eskaini dituzte: Borghetton, Frontoi Txikin, eta pandemia garaian, Modelo aretoan. Iaz Munoa plaza bilakatu zuten jaialdiko gune nagusi, eta aurten ere horrek hala izaten jarraituko du. Hala ere, bigarren gune bati ere presentzia nabarmena emango diote: Musika Plazari. «Lehen edizioan ere egin genituen pare bat kontzertu kioskoan, eta aurten berreskuratu egin nahi izan dugu herriko erdigunea», zehaztu du Makalak.

Enbor Akzio Kulturaleko kide Lide Insaustiren esanetan, «partaidetza handia izango du jaialdiak, eta udazkenean izango denez, agian gehiago egongo da zuzenduta herritarrentzat». Horrez gain, azpimarra berezia egin nahi izan du emakume artistek  jaialdian izango duten presentzian; horren adibide dira Nakar, La Perra Blanco eta Eira, esaterako. Era berean, musikarekin batera, dantzak ere bere tokia izango du jaialdian: Donosti Lindy Hop taldearekin gorputza astintzeko beta izango dute bertaratzen direnek. Antolatzaileek argi utzi dute euskararen presentzia «bermatuta» egongo dela.


Pertsona kutuna

Aurtengo Adarretatik jaialdia urte luzez Zarauzko bizilaguna den Rafa Villafaña dominikarrak irekiko du, La Jodedera bere taldearekin batera. «Guretzat egundoko plazera da, Rafa oso pertsona kutuna baita herrian, eta gure ustez oso beharrezkoa zen hark protagonismoa izatea», adierazi du Makalak. Villafaña pozarren agertu da antolakuntzak emandako aukerarekin. Halaber, aurreratu du beren emanaldia bi zatitan banatuko dutela. Hasieran, haren bakarkako ibilbideko abestiak joko dituzte, eta ondoren, La Jodedera gisa eskainiko dute kontzertua.

EGITARAUA
Irailak 29, ostirala
19:30. La Jodedera eta Rafa Villafaña, Musika Plazan. 
22:00. Nakar, Munoa plazan. 
23:15. La Perra Blanco, Munoa plazan. 

Irailak 30, larunbata
19:30. Erromintxelak, Musika Plazan. 
22:00. Argizulo Ta Beñaranks & Eira, Munoa plazan. 
23:15. Akatz Ska Band, Munoa plazan. 

Urriak 1, igandea
13:00. Donosti Lindy Hop eta  Mr. Patxi ‘Crazy Legs’ DJa, Musika Plazan. 
18:00. Antonio Lizana Trio, Munoa plazan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide