Herriko saneamendu sarea mantendu eta hobetzeko lanekin jarraituz, Gipuzkoako Urakek abian jarri ditu Zelai Ondoko hainbat guneetan hoditeria berritzeko lanak.
Hain zuzen ere, Zelai Ondo kaleko 2-4 eta 6-8 eraikinei zerbitzua ematen dieten hoditeria konpondu eta ordezkatuko dituzte. “Azkenaldian, gune horretako hainbat puntutan pitzadurak eta hausturak atzeman dira, horrek dakartzan ondorioekin, eta, beraz, bertako saneamendu sarea berritzeko erabakia hartu da”, adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. “Hoditeria konpontzeaz gain, Zarauzko beste hainbat gunetan egiten ari garen bezala, euri urak eta ur zikinak bereizten dituen sistema banatzailera egokituko da saneamendu sarearen zati hau”, gehitu du.
Lanek bost aste inguruko iraupena izango dute eta, guztira, 78.859,79 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute. Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Urakek daukaten elkarlan hitzarmenaren baitan, Udalak 44.442,74 euro (BEZ barne) ordainduko ditu eta Gipuzkoako Urakek gainontzeko 34.417,05 euroak (BEZ barne).