Asteburu honetan jokatuko dute azkenean Zarautz 4Teens txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 13a, 11:15

Iazko Zarautz 4Teens txapelketako surf egokituko saioa. (Onintza Lete Arrieta)

Birritan atzeratu dute eta oraingoan eragozpenik ez izatea espero dute antolatzaileek. Ostiralean ekingo diote lehiari Kind Surf Challenge ekitaldiarekin eta igande arratsaldean itxiko dute.

Bost hilabete eta erdiko atzerapenarekin bada ere, hemen da berriro Aritz Aranburuk antolatutako Zarautz 4Teens surf egokituko eta 14 urtetik beherakoentzako nazioarteko txapelketa. Zazpigarren edizioa izango du aurtengoa, eta, esan bezala, kostata antolatu dute, birritan utzi behar izan baitute bertan behera.

Apirileko lehenengo asteburuan jokatu behar zuten, hasiera batean, baina eguraldi iragarpenek aurreikusi zituztenitsasoko baldintzen ondorioz, bi aste atzeratzea eta Aste Santuko oporraldiaren ondoren egitea erabaki zuten antolatzaileek. Orduan ere ez zuten egin, ordea, arrazoi bera tarteko: baldintza meteorologikoak eta itsasoarenak ez ziren egokiak.

Hori horrela, eta eguraldiak antolatzaileen asmoak berriro ere zapuzten ez baditu, aste honetan, ostiraletik igandera jokatuko dute Zarautz 4Teens txapelketa. Etzi arratsaldeko lehen orduan abituko dute eta igandeko sari banaketarekin emango diote amaiera.

Hauxe da antolatzaileek prestatu duten egitaraua:

Irailak 15, ostirala
13:30-19:00. Kind Surf Challenge txapelketa.
14:00. Parrilada eta musika egun osoan zehar.
20:00-20:30. Crossing borders eta 10 años de Kind Surf dokumentalaren emanaldia.
21:30. Musika kontzertuak.

Irailak 16, larunbata
Egun osoan. Haurrentzako doako tailerrak eta jarduerak.
08:00.19:00. Surf txapelketa: 14 urtez azpiko eta 10 urtez azpiko kategoriak.
16:30. Hondakin bilketa. 
18:00. Mikroplastikoen analisia.
20:00-23:00. Kontzertua ekitaldiaren lekuan.

Irailak 17, igandea
08:00-14:00. Surf txapelketa: 14 urtez azpiko, 10 urtez azpiko eta surf egokituko kategoriak. 14:00-17:00. Txapelketako finalak.
17:00. Skate Txapelketa
18:00. Sari banaketa eta argazkia VII. Zarautz 4Teen txapelketako parte hartzaile guztiekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide