Gorka Aranberri: "Hemen miraririk ez dago, estropada oso-oso ona eginda irabazi dugu"

Onintza Lete Arrieta - Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 11a, 11:40

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroi zarauztarra, atzo, Donostiako arranplan, Kontxako Bndera astintzen. (Onintza Lete Arrieta)

Urdibaiko patroi zarauztarrak zortzigarren aldiz astindu du Kontxako Bandera. Bermeoko taldea bi estropadak irabazita gailendu da Donostiako uretan eta jada liga amaieran pentsatzen ari da denboraldiko bi titulu preziatuenak lortzeko.

Nagusitasunez irabazi zuen atzo Urdaibak Kontxako Bandera, bere historiako zazpigarrena. Lehen jardunaldian bezalaxe estropada irabazi zuen atzokoan ere Bou Bizkaia ontziak eta Gorka Aranberri taldeko patroi zarauztarrak azaldu zuenez asmo horrekin atera ziren hasieratik, estropada irabaztea beharrezkoa izango zelakoan bandera Bermeora eramateko. Dena den, Aranberrik aitortu zuen "uste baino errazago" hartu zutela bentaja dezentea ohorezko txandako aurkariekiko.

Urdaibaik lehenengo txandan aritu zen Zierbenarekin izan zuen lehia estuena atzokoan. Zazpi segundoko aldea atera zion lehenengo estropadan, eta atzokoan Zierbenaren lehen lehen luzea Bermeokoena baino hobea izan bazen ere, amaieran hiru segundoko aldeaz irabazi zuen Bou Bizkaiak. Hori horrela, azkenean, 11 segundoko aldea atera zion sailkapen orokorrean.

"Zierbenak markatutako denborari begira, estutzen-estutzen joan behar izan dugu, bukaerara arte estutu dugu, eta estropada irabaztea lortu dugu. Hemen miraririk ez da izaten: ohorezko txandan gauden laurok eta Zierbena, aurreneko bostak, sailkatu gara banderako borrokan. Aurreneko igandean diferentziak estuago egoten dira, baina bigarrenean tarteak handitzen joaten dira, eta estropada oso-oso on bat eginda, irabazi egin dugu", nabarmendu zuen pozarren Aranberrik.

Atzokoarekin Kontxako Bandera zortzigarrenez irabazi du patroi zarauztarrak eta gero eta gertuago du bederatzi irabazi zituen Aita Manuelen marka. Dena den, aurretik baditu zeregin gehiago; izan ere, aurtengo Eusko Label liga oraindik ez du amaitu. "Orain [igandea] Kontxa ospatuko dugu, bihar errekuperatu, eta asteartetik aurrera Ligan pentsatzen hasiko gara: ondo bideratuta dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu", adierazi zuen Aranberrik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide