Aste honetan hasi dira Nafarroa eta Gipuzkoa kaleek bat egiten duten guneko obrekin. Bertan, hain zuzen ere, biribilgune bat eraikiko dute, Iñurritzako urbanizazio lanen barruan.
Lanek sei hilabete iraungo dutela adierazi du Zarauzko Udalak, eta bitartean, Gipuzkoa kaleko azken zatia, gasolindegi parekoa, trafikoari itxita egongo da. Ondorioz, Nafarroa kaleko trafikoa Zinkunegi eta Etxebeste kaleetatik bideratuko dutela azaldu du erakundeak. Horretaz gain, Hiribusaren bi geltoki ere lekualdatuko dituzte lanek irauten duten bitartean. Iñurritzakoa, Maria Etxetxiki eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzera aldatuko dute eta Pontarlierkoa, aldiz, Mollarri eta Nafarroa kaleen bidegurutzera.
Bi erreiko biribilgunea izango da eraikiko dutena, eta hiru irteera eta lau sarrera izango ditu. Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, "biribilgune berriarekin gune horretako segurtasuna hobetuko da, baita trafikoa arindu ere". Gaineratu duenez, lan hauen barruan, etorkizunean Iñurritzan egongo diren aparkaleku publiko zein pribatuetako sarrerak ere eraikiko dituzte.