Euskal Astea 2023

Euskal Jaia bertan da

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 9a, 08:00

Musika Plaza baserritarrez jantzitako herritarrez beteta, Euskal Jai Egunez. (Zarauzko Hitza)

Egun osoko festa izango da gaurkoa, herritar asko eta asko goiz, arratsalde, gau eta goizale ibiliko baitira kalean. Hori horrela, egitarau betea prestatu dute eta dagoeneko abiatu dute.

Ospakizun egun handia da gaurkoa Zarautzen, Euskal Jai Eguna eta, ohi bezala, baserritarrez jantzita aterako dira herritarrak kalera. Goiz-goizetik hasiko da festa eta bertako bizilagunez gain, kanpotik ere jende ugari bertaratuko da. Gainera, larunbata izanik eta eguzkitsu egingo duela aintzat hartuta, jendetza bilduko da Zarautzen.

Egun osoan izango da zer egina eta egitarau zabala prestatu dute horretarako udalak eta herriko eragileek. Ez dira faltako euskal doinuak eta dantzak ez eta herrian indar handia duen orga txapelketa ere. Horrekin batera, Alproja antzerki taldeak Jainkoen Laratza antzezlana eskainiko du eta, noski, txakolina eta sagardoa ere oso presente egongo dira kuadrilletan.

Hauxe gaurko eguneko egitaraua osorik:

  • 07:00. Diana herriko kaleetan zehar.
  • 08:00. Goiztarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuko dituzte.
  • 08:30. Kalez kale, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.
  • 10:30. Frantziskotarren elizan, Meza Nagusia, Schola Cantorum Abesbatzak abestuta. Mezaren ondoren, Frontoi Txikin, Goiztiarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak.
  • 11:45. Alproja taldearen irteera (San Inazio kalea, Kale Nagusia, Dorre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa).
  • 12:00. Munoan, Alproja taldearen Jainkoen Laratza antzezlana.
  • Ordu berean, Lege Zaharren Enparantzan, erromeria trikitilariekin.
  • Eguerdian. Musika Plazan, erromeria, trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin.
  • 13:30. Munoan, erromeria Iratzar taldearekin.
  • Ordu berean, Lege Zaharren enparantzan, orga lehiaketaren sari banaketa.
  • 14:00. Musika Plazan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
  • 16:30. Debrass Band txaranga ibiltaria Munoatik hasita Danda gazte asanbladak antolatuta.
  • 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
  • 18:00. Txosnen irekiera, Malekoian, Arribati izozki dendaren parean.
  • Ordu beran, Iñurritzan, haurrentzako jolas mitologikoak eta Montessori gunea.
  • 18:30. Iñurritzako zelaian, erromeria Bide Batera taldearekin.
  • 20:00. Kontzertuak txosnetan: Baloom Frame eta Euskoprincess. Ondoren DJ Landermarez eta DJ Tikka Masala.
  • Ordu berean, Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
  • 20:30. Kalejira, Iñurritzatik Musika Plazara.
  • 22:00. Munoan, dantzaldia Oxabi taldearekin.
  • 22:30. Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide