Erosketak doan lortzeko aukera izango dute Murkil txartela dutenek datozen bi asteetan

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 9a, 09:00

Arropak pertxetan.

Murkil elkartearen saltokietako datafonoek zenbait erosketa aukeratuko dituzte, ausaz, eta horiek ez dira ordaindu beharko. Baldintza bakarra izango da erosketok Murkil txartela erabilita egitea.

Iraila iristearekin batera fidelizazio kanpaina berria abiatu du Murkilek, Zarauzko merkatarien elkarteak. Astelehen honetan hasi eta hilaren 24ra arte, Murkil txartela erabilita elkartearen dendetan erosketak egiten dituzten bezeroek zuzenean parte hartuko dute zozketa batean. Zehatzago esateko, datafonoek zenbait erosketa aukeratuko dituzte, ausaz, eta horiek ez dira ordaindu beharko.

Bezeroek ordainketa egiteko momentuan bertan jakingo dute saria lortu duten ala ez.

Elkarteak gogorarazi duenez, Murkil txartela duten bezeroek elkarteko dendetan hainbat abantailaz gozatu ahalko dute, eta gainera, "munduko edozein lekutan da erabilgarria, VISA txartela delako". Txartela Rural Kutxan eskura daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide