'Las chicas estan bien' filma emango dute gaur hasi eta datozen egunotan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 8a, 11:00

Bihar Euskal Jai Eguna dela eta ez da zinema emankizunik izango eta igandean haurrei zuzenduriko Superheroien familia ikus-entzunezkoa ere emango dute.

Itsaso Arana Tafallako zinegileak zuzenduriko lehen lan luzea emango dute gaur arratsaldetik hasita Modelo aretoan: Las chicas están bien filma, hain zuzen ere. Lau saio eskainiko dituzte orotara.

Bost emakume izango dira ikus-entzunezkoaren protagonistak eta lau aktore eta idazle bat gorpuztuko dituzte. Antzezlan bat prestatzeko elkartuko dira errota batean, uda sasoian, eta entsegu horietan elkar ezagutzen joango dira antzezlanak egiten dituen planteamenduen bidez. Arana zuzendaria berak ere pantaila aurrean, eta harekin batera arituko direnen artean Barbara Lennie aktore ezaguna izango da, besteak beste.

Haurrei zuzenduriko eskaintzarik ere izango da asteburuan: Superheroien familia animaziozko filma emango dute, euskaraz. Hori bai, interesa dutenek aukera bakarra izango dute filma ikusteko, igandean, 16:45ean soilik emango baitute. Bihar, larunbata, ez da zinema saiorik izango Modelo aretoan Zarautzen Euskal Jai Eguna ospatuko dutelako.

Superheroien familia filmak 11 urteko Hedvigeren istorioa kontatuko du, Super lehoi superheroiaren alaba, aita ordezkatu beharko duena, baina baldarra eta nagia dena. Hori horrela, Adrian lehengusua hautatuko dute hura izan hiria balizko mehatxuetatik defendatuko duena. Horren aurrean, erreakzionatzeko beharra ikusiko du Hedvigek eta bere super botereen bila hasiko da.

Irailak 8, ostirala
20:00 Las chicas estan bien

Irailak 10, igandea
16:45 Superheroien familia
19:15 Las chicas estan bien

Irailak 11, astelehena (ikusleen eguna)
17:00 Las chicas estan bien
19:30 Las chicas estan bien

Irailak 12, asteartea
19:30 Saio originala: Un verano con Fifi (jatorrizko bertsioan gazteleraz azpititulatuta)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide