Trenbideko lanak sei hilabetez luzatuko dira, luizi bat tarteko

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 6a, 15:00

Zarauzko behin-behineko tren geltokia. (Aritz Mutiozabal)

Zumaia eta Zarautz arteko tren zerbitzuak etenda jarraituko du denbora batez. Luizia ez dela berriro gertatuko ziurtatu nahi du Euskal Trenbide Sareak.

Uztailaren 4az geroztik itxita dago Zumaia eta Zarautz arteko trenbidea. Izan ere, ETS Euskal Trenbide Sarea azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari da, eta dagoeneko zerbitzua emateko moduan izango zirela uste bazuten ere, Meagako tuneleko luizi bat tarteko, sei hilabetez atzeratuko da bi herrien arteko tren zerbitzua martxan jartzeko epea.

ETSk azaldutakoaren arabera, bide bakarreko trenbidea da Zumaia eta Zarautz lotzen dituena, eta berriro ez dela lur jausirik gertatuko ziurtatu nahi dute. Litekeena da otsailera arte obra luzatzea, ETSk iragarri duenez. Dena den, jakinarazi dute gutxi gorabeherakoa dela lanen iraupenaren iragarpena, "luiziaren benetako irismena" aztertu behar dutelako, eta adierazi dute autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko dutela lan horiek iraun bitartean.

Zarauztik Bilborako noranzkoan bi autobus jarri dituzte: batek, Eibarrera arteko bidaia egingo du zuzenean autobidetik, eta Bilborako bidea jarraitu nahi duten erabiltzaileek Eibarren trena hartu behar dute; besteak, Elgoibarren izango du helmuga, eta tarteko geltoki guztietan jaitsi daitezke erabiltzaileak. Bi autobusak Zarauzko behin-behineko geltokitik abiatuko dira.

Zumaiatik Donostiarako noranzkoan ere tren geltoki parean hartu dezakete autobusa erabiltzaileek, eta bi autobus hartzeko aukera izango dute, era berean. Donostiara arteko bidaia egiten dute biek, baina ibilbide ezberdinak dituzte: bat, zuzenean joaten da Lugaritz eta Amarako geltokietara; eta, bestea, Añorgako geltokira arte, tarteko geltoki guztietan geratuta. Tren zerbitzuak ohiko martxari eutsiko dio datozen hilabeteetan ere Zarautz eta Donostia artean eta Zumaia eta Bilbo artean.

Zumaian, geltokia obretan

Zumaiako tren geltokia eraberritzeko lanak hasiko dituzte aurki, udazkenean. Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak, ETSren bitartez, Iza SA enpresari esleitu dizkio geltokiaren lanak "geltokiaren irisgarritasun baldintzak hobetzeko" asmoz. Lanek 1.292.451 euroko aurrekontua izango dute, eta horiek hamabi hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute.

Eraberritzearen zatirik garrantzitsuena sarbideko beheko pasabidearen aldaketa izango da. Izan ere, horren ordez, edukiera bikoizteko eta nasak igogailuarekin eta eskailera finkoekin konektatzeko beste pasabide bat jartzea da asmoa. Horrenbestez, 2,4 metroko zabalera izan ordez, bost metrokoa izango du pasabideak. Horrez gain, nasekiko lotura igogailuaren edo eskailera finkoen bidez egin ahal izango da. Halaber, geltokiko zoladura osoa aldatzeko lanak egingo dituzte; bi nasetarako eskaileren aztarnak barne, baita nasen eta eskaileren arteko beheko pasabidearen egungo alikatatua ere. Horretaz aparte, argiteria aldatzeko ere baliatuko dituzte obrak. Gainera, igogailuaren instalazioari esker, egungo arrapalak bete eta itxi ahal izango dira, baliogabetutako solairuko azalera arrapala gisa aprobetxatuz, nasen azalera erabilgarria handitzeko. ETSk azaldu duenez, Zumaiako geltokiaren "irisgarritasun baldintzak hobetu" nahi dituzte proiektuarekin, "sareko puntu beltzen azterlanean antzeman diren gomendioak kontuan hartuta".

Gomendio horiek ETSk duela urtebete argitaratutako geltokiak genero ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian daude jasota.

Eibar-Zumaia, ordubetero

Euskotren 30 Minutuero plataforma sinadurak biltzen ari da Zumaia eta Eibar arteko tren zerbitzua, orduro beharrean, ordu erdiro izan dadin eskatzeko. Gipuzkoako hainbat herritan ari dira sinadurak biltzen: hain zuzen, Zumaian, Arroabean, Deban, Mutrikun, Mendaron, Altzolan, Elgoibarren eta Eibarren.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide