Bueltan dira berriz ere plaieroak

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 6a, 10:00

Orbela-Limoss eta Talai Mendi kanpina taldeen norgehiagoka iazko denboraldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan izena emateko epea zabalduko dute ostiralean. Lehiaketari urriaren 1ean emango diote hasiera, 11:30etik aurrera.

Urriaren 1an ekingo diote Hondartzako Futbol Txapelketaren 2023-2024 denboraldiari. Egun horretan bertan jokatuko dute lehen jardunaldia, 11:30ean hasita. Baina txilibitua jo eta partidei hasiera eman baino lehen, parte hartuko duten  taldeak zerrendatu, norgehiagokak zehaztu eta egutegia antolatzea falta da. Hasteko,  izen-emate  epea zabalduko dute aste honetan: talde parte hartzaileek hilaren 8tik 22era arte izango dute horretarako aukera, antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora idatzita eta beharrezko dokumentazioa bidalita. Antolatzaileek argi utzi dute kirol elkartearen bulegoan ez dutela izen-ematerik jasoko.
 
Plaieroetan parte hartu nahi duten taldeek 260 euro ordaindu beharko dute, eta  dirua Caja Rural De Navarrako ondorengo kontu korrontean sartu:  ES17 3008 0181 30 3009408216 (ordainketa egin arte izen ematea ez da ofizialtzat joko).  Transferentziaren egiaztagiria eskaneaturik bidaltzeaz gain, beste agiri batzuk ere aurkeztu beharko ditu talde bakoitzak:  jokalari guztien NAN agiriaren fotokopia; delegatuaren NANaren fotokopia, posta elektronikoa eta telefonoa; eta taldearen informazioa duen excel dokumentua beteta

Izena eman ahal izateko, aurreko urtetako baldintza berak zehaztu dituzte aurten ere. Jokalari guztiek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte, eta gizonetan, gehienez ere 22 jokalari izango dira taldean eta 11 gutxienez; emakumeetan, hemezortzi jokalari izango dira gehienez eta zortzi gutxienez. Hauei dagokienez, kasu bereziak onartuko dituztela ere zehaztu dute antolatzaileek.  
Iazko denboraldian 30 taldek eman zuten izena Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan. Gizonezkoetan 21 talde lehiatuko ziren, eta emakumezkoetan bederatzi; kategoria bakoitzean aurreko urtean baino talde bana gehiago. Talde gehienak Zarauzkoak izan baziren ere, Getariakoek eta Azkoitikoek ere hartu zuten parte.


Jokozainak lortzeko

Txapelketarako jokozainak lortzea talde guztien ardura dela zehaztu dute. Jokozain lanetan aritzeko prest dagoen norbait ezagutuz gero, antolakuntzako kideei jakinarazteko jakinarazi dute; horretarako antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi daiteke. Jokozain nahikorik egongo ez balitz, taldeen artean zozkatuko dute ardura.

Era berean, talde bakoitzari bere jokalari eta delegatuen fitxen dokumentuaren URLa banatuko zaio. Dokumentuak klubaren zigilua eramango du, eta  partida egunean eskura eduki beharko dute –digitalki edo fisikoki– edozein zalantza edo erreklamazio argitzeko. Bestalde, argi utzi nahi izan dute ez dituztela jardunaldiko asteburuan jokalarien fitxarik egingo.

Aurten, aldaketak zehaztu dituzte fitxa berriei dagokienean. Jokalari berri bat edo batzuk taldean sartu ahal izateko, bi epe egongo dira: bata, irailaren 8tik urriaren 27ra, eta bestea, urtarrilaren 1etik urtarrilaren 12ra.

Azkenik, antolakuntzak bilera egingo du izena eman duten talde guztiekin irailaren 23an, larunbatarekin, 11:00etan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide