Alex Lopez: "Euskal ordainketa sistema herritarra eta publikoa dugu xede"

Igor Baigorri Perez - Berria 2023ko irailaren 4a

Alex Lopez. (utzitakoa)

Ekhilur ordainketa sistema Bilbon eta Hernanin dago martxan gaur egun. Hego Euskal Herri osoan erabilgarri egotea da etorkizuneko helburua. Berria egunkariak sistemaren sortzaileetako bat den Alex Lopez elkarrizketatu du.

Alex Lopez (Zarautz, 1973) Ekhilur ordainketa sistemaren sortzaileetako bat da. Sistema hori Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) dago martxan 2021. urteaz geroztik, eta helburua da erabiltzaileek beren diruaren kontrola izatea eta dirua beste era batera ulertzea. Bizum edo Visa ordainketa sistemen alternatiba gisa agertu da Ekhilur, eta saltoki handien garaiotan herritik eta herriarentzat sorturiko sistema bat eskaintzen du. Hedapena gutxinaka egin beharra dago, herriz herri.

Zein da Ekhilur kooperatibaren filosofia?

Batetik, puntu garrantzitsu bat bertako merkataritza sustatzea da. Eta, bestetik, ordainketa sistemen gaineko kontrola berreskuratzea. Gaur egun, sistema elektronikoak oso azkar sartzen ari dira gurean, eta badirudi gure diruaren burujabetasuna jada galdua dugula, baina berreskuratu daiteke. Menpekotasunik gabeko sare bat sortu dugu, eta sare horren erabakimena herritarren esku utzi nahi dugu. Horregatik da kooperatiba, eta irabazi asmorik gabea.

Eta, zer harrera izan du proiektuak?

Harrera ona izan du. Bilbon eta Hernanin ezarri genuen, eta martxan jartzeko bi estrategia ezberdin erabili genituen bi udalerrietan. Bilbon, pedagogiaren eta kontzientziazioaren aldeko apustua egin genuen: hitzaldien bitartez, proiektuaren filosofia eta alderdi etiko-soziala azalduz. Hernanin, berriz, fidelizazio sistema bat jarri genuen martxan: horrek pizgarri ekonomiko bat du barnean, eta hobeto funtzionatu du. Guztira, Bilbon 40 komertzio inguru ditugu Ekhilurren ordainketa sistemarekin, eta, Hernanin beste 110 inguru. Gainera, Hernanin 900 erabiltzaile inguruk eman dute izena. Guztira, Ekhilurrek 11 hilabetean milioi bat eurotik gora mugitu du dagoeneko.

Fidelizazio sistema aipatu duzu: zer da hori zehazki?

Hernaniko Udalak Ekhilurren bidez eginiko erosketen diruaren %10 itzultzen dio erabiltzaileari. Diru hori Ekhilur kontuan sartzen zaio erosleari berriro ere, baina Hernaniko Ekhi moduan izendatzen da: soilik Hernaniko sarean erabiltzeko. Hori da merkataritza gune handiek erabiltzen duten taktika, Eroski txartelak esaterako, eta guk, metodo hori kopiatu, eta herriko dendentzat erabilgarri jartzen dugu. Datorren urtean, Bilbon ere estrategia hori ezarriko dugu, hiriko barne komertzioa bultzatzeko eta Bilboko sarea indartzeko. Uste dugu Bilbon Hernanin lorturiko datuak edo are hobeak lor ditzakegula.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide