Urdaibai izan da bizkorrena Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian, gaurko denbora onena lortu duena. Segundo batean hobetu du Hondarribiak lehen txandan jarritako marka, poparean sekulako estropada egin ondoren; izan ere, hamabi segundoko aldea atera dio Ama Guadalupekoak Bou Bizkaiari lehenengo luzean. Urdaibaiko patroi Gorka Aranberri zarauztarra gustura agertu da egindako erakustaldiarekin: "Mutilek dena eman dute!"
Lehen igandean banderako borroka horretatik kanpo ez geratzea zela helburu nagusi azaldu du patroiak, nahiz eta aitortu duen ziaboga ematerakoan "arriskuan" egon direla. Hala ere, "bueltako luze oso ona egin dugu, eta lehen postuan bukatu dugu sailkapenean. Beraz, gogotsu gaude datorren astean etorri eta gaur egindako lana baino hobea egiteko".
Oro har, denboraldi osoan zehar erakutsi duen moduan, estropadetako azken zatia egiten du ondoen Urdaibaik, eta gaurkoan ere halaxe erakutsi du. "Konfiantzaz eta momentu onean gaude, eta gaur ere erakutsi dugu azkarrenak garela itzulerakoan. Edonola ere, hau bi jardunaldietara jokatzen da. Datorren igandean ere beste estropada gogor bat izango dugu, eta banderarekin irten nahi badugu portu honetatik estropada txukuna egin eta txanda irabazi beharko dugu", argi eta garbi esan du Aranberrik. Bost segundoren bueltan, lehia irekia geratu da.