Euskal Jai Egunerako astebete falta bada ere, asteburu honetan hasiko dira ospakizunekin; bihar Euskaraz Bizi Eguna izango da, eta igandean Haurren Euskal Jai Egunak hartuko du herria. Euskaraz Bizi Egunerako, ohi bezala, euskararen alde hainbat ekintza zituzten prestatuta, baina eguraldiaren iragarpenak hala baldintzatuta, hainbat aldaketa egitera bultzatu ditu antolatzaileak.
Gauzak horrela, AEK-k antolatutako Euskararen Aldeko 27. Lasterketa ez da jokatuko. Dataz atzeratzea erabaki dute, eta azaroaren 15ean egingo da. Euskal Herrian Euskarazen 37. Bazkari Herrikoiarekin aurrera jarraituko dute, baina Orokieta Herri Eskolako frontoian izango da.
EHE jakinarazi du bazkariko mahai banaketa egiteko bi aukera egongo direla: gaur, Musika Plazako kioskoan, 19:15ean, edo bestela, bihar, 14:00etan, Orokietan bertan. "Bazkarira datozen denei esan nahi diegu euriak ez gaituela geldituko, eta larunbatean euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu eta ospatuko dugula!", gaineratu dute.