Langile bat hil da Zarautzen, istripu ez traumatiko baten ondorioz

Aritz Mutiozabal 2023ko abu. 31a, 15:40

Asteazkenean izan zen gertakaria, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, eta suspertzen saiatu baziren ere, ezin izan zuten ezer egin. Lan istripua salatzeko, Urola Kostako Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du biharko.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, Zarauzko Elesa Transformadores SAU enpresako langile bat zendu zen asteazkenean. 48 urteko A.J.L. zarauztarrak lan istripu ez traumatikoa pairatu zuen eta, denbora luzez suspertzen ahalegindu ziren arren, han bertan hil zen.

Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak eta antzekoak  lanean gertatzen diren "heriotzen lehenbiziko eragileak" bilakatu direla nabarmendu LABek, eta horiek ez direla «ausaren ondorio». Hala, bizi eta lan baldintza duinen beharra aldarrikatu dute, «lanetik etxera onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako».

LABen esanetan, 2023an Euskal Herrian gutxienez 33 langile hil dira euren lanpostuetan. Sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die senide, lagunei eta gertukoei.

Lan istripua salatu asmoz, elkarretaratzea deitu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak bihar arratsalderako. Hitzordua 19:00etan jarri du, Lege Zaharren enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide