Antzerkia Familian egitasmoaren barruan, Kantu Koloreren Txiki Festa ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek eta gaztetxoek bihar arratsaldean. Villa Manuelako pilotalekuan izango da printzipioz, 19:00etan hasita. Bertan "festa erraldoi bat" prestatuko dute, eta koreografiak ikasteaz gain, dantza eta barreak ere egongo dira.
Uda sasoirako haurrei eta gaztetxoei zuzendutako hainbat emanaldi antolatzen ditu Zarauzko Udalak, eta horien artean daude Antzerkia Familianen barrukoak. Biharkoa azken emanaldia izango da; izan ere, aurreko asteetan, Antipasti antzezlanaz, Indartsuak zirko ikuskizunaz, Potx eta Lotx pailazoen emanaldiaz eta Organik antzezlanaz gozatu ahal izan zuten herritarrek.