Irailean ekingo diote berriz ere Sanz Enea kultur etxeko irakurle taldeei. Euskarazkoa Nerea Loiola idazleak gidatuko du aurten ere, eta dagoeneko iragarri ditu abendua bitartean irakurriko dituzten liburuak. Hileko azken ostegunetan elkartuko dira udal liburutegian, 18.30etik 20.00etara, eta lehen hitzordua irailaren 28an jarri dute, Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuinarekin.
Urriaren 26an Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa aztertuko dute, eta azaroaren 30ean, berriz, Uxue Alberdiren Dendaostekoak; gainera, Getariako bizilaguna saioan bertan izango da arratsaldea irakurleekin partekatzen. Abenduko saioa, azkenik, hilaren 14ra aurreratuko dute Gabonak direla medio, eta Carson McCullersen Kafe tristearen balada izango dute hizpide.
Azaroko saioan Uxue Alberdi idazlea izango dugu gurekin.
Irakurle taldeko dinamizatzaileak herriko irakurzaleak animatu nahi ditu egitasmoan parte hartzera. Izena Sanz Enea liburutegian eman daiteke.