Euskal Astea 2023

Izena eman daiteke Euskal Jai Eguneko orga lehiaketan

Aritz Mutiozabal 2023ko abu. 29a, 10:10

Orga lehiaketa egingo dute Euskal Jai Egunean. (Aritz Mutiozabal)

Parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan egin beharko dute inskripzioa irailaren 8a bitartean. Sarituen artean, 1.950 euro banatuko ditu udalak.

Orgak Euskal Jai Eguneko pieza klasiko bihurtu dira kuadrillen artean, eta horren harira, Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Departamentuak lehiaketa antolatu du aurten ere. Herrian erroldatutako edonork har dezake parte, eta horretarako Turismo Bulegoan eman behar da izena irailaren 8ko 13:00 baino lehen.

Izena emandakoan zenbaki bat jasoko du parte-hartzaile bakoitzak, eta zenbaki hori lehiaketa ospatzen den egunean –irailaren 9an, hain justu ere– aurkeztutako organ jarri beharko da erakusgarri. Pieza atontzeko eta apaintzeko gaiari librea bada ere, euskal kulturaren edo Euskal Jaietako ohiturekin zerikusia izan beharko du.

Udalak kaleratu dituen oinarriek argi eta garbi utzi dute, beste urte batez, supermerkatuetako karroak ezingo direla aurkeztu lehiaketara, eta ezingo dela inolako publizitaterik egin. Era berean, iaz aurkeztutako orgak ez dituzte baloratuko.

Irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarren sarituak 150 euro. Gainontzeko dirua, epaimahaiaren iritziz nahikoa maila ematen duten orga lehiaketako gainerako parte hartzaileen artean banatuko dute. Guztira, 1.950 euro banatuko dituzte saritan. 

Lehen eta orain izenpean, Salbideko labaderoa irudikatu zuen orgak irabazi du iaz Euskal Jai Eguneko orga lehiaketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide