Olatu onean jarraitzen du Nadia Erostarbek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abuztuaren 28a

Nadia Erostarbe Angelun jokatutako txapelketan. (Anglet Pro / Masurel)

Zarauzko surflaria finalera sailkatzetik gertu izan da Angelun (Lapurdi) eta hirugarren postuari eusten dio QS mailako sailkapenean.

Finalaren atarian geratu da Nadia Erostarbe Angelun (Lapurdi) jokatutako surf txapelketan, Europako QS zirkuituko garrantzitsuenetakoa. Hirugarren postua lortu du zarauztarrak eta bildutako puntuei esker zirkuituko sailkapen nagusiko hirugarren postuan jarraitzen du, Challenger Series zirkuitura bide ematen duten ohorezko postuetan.

Zarauzko surflaria txapelketa irabazi zuen Teresa Bonvalot portugaldarraren aurka aritu zen Angeluko txapelketako finalerdietan eta 0.47 puntuko aldeagatik egin zion ihes finalak. Buruz burukoa amaitzeko lau minutu eskasen faltan hartu zuen aurre Bonvalotek eta Erostarbek ezin izan zuen aurkariak lortutako 10.07ko puntuazioa hobetu. 

Zarauztarra emaitza bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da aste honetan bertan; izan ere, beste proba garrantzitsu bat izango du Galizian. Pantinen arituko da bihartik igandera bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide