Uda sasoian jendea biotopoko ibaiaren eremuan sartzen dela jabetuta, eremu hori zaintzeko deia egin du Zarauzko Udalak. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "Iñurritza denona da, eta denon artean zaindu behar dugu eremua".
Hain zuzen, Zarautzen babestuta dauden hiru eremuetako bat da Iñurritza, eta bertan daude hainbat hegazti eta landare berezi. Landareei dagokionez, batzuk desagertzeko arriskuan dauden espezieak dira, eta Vazquezen esanetan, "garrantzitsua da biodibertsitate hori mantentzea". Hegaztien kasuan, Ingurumen zinegotziak azaldu du Iñurritza "oso lagungarria" dela horien migraziorako, "atseden hartzeko gunea" bilatzen dutelako bertan.
Horiek kontuan izanda, debekatua dago ibaiaren eremuan sartzea. Soilik goiko bidetik ibili daiteke, ibaira jaitsi gabe. Biotopoaren kudeaketa eta zaintza Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, nagusiki, baina udaleko Ingurumen sailak ere sentsibilizaziorako hainbat ekimen egiten ditu, besteak beste, eremu horretara sartzea debekatzen duten kartelak ipintzea, kanpinetan egindako sentsibilizazio lana, Turismo Bulegoan eremuari buruz emandako informazioa, goiko bidean jendeak ibaira jaisteko irekitzen dituen bideak eta pasabideak ixtea eta urteroko bisita gidatuak.
Zoritxarrez, ez da posible zubiaren azpitik igarotzen den bidea ixtea eta, batzuei, berdin zaie debekatuta egotea. Era berean, ezinezkoa da eremua 24 ordutan kontrolatzea, gure amorrurako. Herritarrei eskatu nahi diet eremuaren barruan norbait ikusten dutenean, Udaltzaingora deitu dezatela edota zuzenean pertsona horiei debekatuta dagoela esatea. Txikia da baina biodibertsitate handikoa eta garrantzitsua, eta, aldi berean, oso zaurgarria”, gehitu du Vazquezek.