Zarauzko Udala intsektizida bidezko endoterapia tratamendu aplikatzen hasi da herriko palmondoetan pikudo gorria agertu dela baieztatu ondoren. Palmondoen familiako zuhaitzetan kalte nabarmenak eragin ditzakeen intsektua da pikudo gorria eta klima beroetan agertu ohi da.
Aipatu intsektuak metro bat arteko sakonerako zuloak egin ditzake palmondoetan, eta horrek zuhaitzok gaixotzea eta zimeltzea eta kasurik larrienetan hiltzea eragin dezake. Hori horrela, udalak neurriak berehala hartzea erabaki duela adierazi du Iban San Martin Lorezaintza departamentuko zinegotzi arduradunak: "Zarautzen intsektu hori agertzeak azkar jokatzera behartzen du; izan ere, hori egin ezean, izurrite bihur daiteke, eta horrek arriskuan jarriko lituzke herriko palmondo ale guztiak". Gainera, San Martinek ez du baztertu zenbait palmondoetan kalteak izatea: "Pikudo gorriak hainbat ale kaltetzeko probabilitate handia dago, eta, tratamendu horren bidez, intsektuak herrian izan dezakeen efektua minimizatzen saiatuko gara".
Intsektizida bidezko endoterapia tratamendua da udaleko lorezaintza kudeatzen duen enpresa aplikatzen ari dena herriko palmondo guztietan. "Zarautzen 87 kanariar palmondo daude, eta horiei emango zaie pikudo gorria ez agertzeko medikamentua", zehaztu du zinegotziak.
Bada, 6.000 eurotik gorako kostua ekarriko dio udalari palmondoen tratamenduak, aurten; izan ere, urrian beste bat aplikatu beharko dute. Nematodoekin egingo dute hori pikudo espezieko arrak hiltzen dituen onddo batek infektatu ditzan. Gainera, udalak zehaztu duenez, aurrerantzean urtero aplikatu beharko dute tratamendua prebentzio neurri gisa.
Palmondoei eta pikudoari lotuta, era berean, udalak azaldu du urteak direla palmondoak neguan bakarrik kimatzen dituztela. Haizerik gabeko egun hotzak dira palmondoen kimatze lanak egiteko aproposenak moztu berri den palmondoaren usainak pikudoa erakar dezakeelako.
