Artea eta musika protagonista Udanda Egunean

Gorka Eizagirre 2023ko abuztuaren 20a

Arratsaldetik hasi eta goizeko ordu txikiak arte luzatu ziren gazteak udan bestelako aisialdi eredua bultzatzeko egitasmoari amaiera biribila emateko.

Danda gazte asanbladak atzo eman zion amaiera gazteen artean udan bestelako aisialdian eredua sustatzeko egitasmoari. Udanda Egunarekin biribildu zuten arratsaldetik hasita eta artea eta musika izan ziren protagonista.

Gazteak 17:00etan elkartu ziren Frontoi Txikin bertan zabaldu zuten argazki erakusketa inauguratzeko eta herriko argazkilari gazteen lanak erakutsi zituzten. Horrez gain, joan den uztailaren 27an egin zuten argazkiak errebelatzeko tailerrean gazteek zenbat ikasi zuten ikusteko aukera izan zuten bertaratuek. Ondoren, arteaz eztabaidatzeko mahai ingurura egin zuten. Eguraldia lagun, arratsalde atsegina igaro zuten Frontoi Txikin eta bertan afaldu zuten.

Gauean, berriz, festa egin zuten Hirupuztzu gaztetxean. Zuzeneko musikaz gozatu zuten bertaratuek Baskabiltx eta Kalipotxo taldeen emanaldiekin eta, ondoren, Landeramez eta Junelet DJek hartu zituen lekukoa. Ordu txikiak arte luzatu zen festa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide