Asti kirol gunearen sarreran jarritako komun autogarbigarri publikoa erabilgarri dago joan den ostiraletik. Zehaztu dutenez, lehenago amaitu nahi zituzten lanak, baina instalakuntza elektrikoarekin izan dituzten arazo batzuk direla eta apur bat luzatu zaizkie.
Astiko komun publiko berria zabalduta, amaitutzat eman dituzte herrian beste bederatzi komun autogarbigarri jartzeko otsailean abiatu zuten prozesua eta hemeretzi dira jada Zarautzek dituen mota horretako komunak. Horren harira, Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du "biztanleko komun publiko gehien dituen udalerria" dela Zarautz Euskal Herri osoan.
Bakarrik garbitzen diren beste bederatzi komun autogarbigarri horiek jartzeko 762.862,92 euroko inbertsioa egin du udalak. Zehaztu dutenez, Construcciones Mariezcurrena SL. enpresak burutu du obra zibila du 351.292,69 euroan eta Aseos Públicos Ibericos SL. enpresak instalatu ditu komunak 411.570,23 euroan. Prezio horren barruan sartzen da datozen urteetarako mantenu zerbitzua ere. Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak jakinarazi duenez, "Esleipen honen baitan, aurrez herrian zeuden komunen mantenua ere sartzen da".