Emakumezkoen esku pilotako Udako Txapelketako norgehiagokak jokatu zituzten atzo arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan. Bi partidu jokatu zituzten; lehenengo partiduan, Etxegaraik eta Gamindek osatutako bikoteak 22-21 irabazi zieten Arangureni eta Mendizabali. Bigarren partiduan, berriz, Aldaiek eta Osesek 22-15 irabazi irabazi zieten Arrizabalagari eta Galeanori.
Lehen faseko jardunaldi hauen ostean, Udako Master Laborla Kutxa torneoa bitan zatituta geratu dela esan daiteke; izan ere, atzo Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako jardunaldi garrantzitsuaren ostean, Arrizabalga-Galeano, Etxegarai-Gaminde eta Aldai-Oses lehen postuan berdinduta daude bina punturekin. Halaber, Arraiza-Mendizabalek eta Garai-Capellanek punturik gabe jarraitzen dute, eta azken postuari ihes egiteko borrokatu beharko dute.
Lehenengo partidua oso orekatua eta borrokatua izan zen bi bikoteen aldetik, eta pilotalekuan beroa egiten bazuen ere, maila bikaina erakutsi zuten lau pilotariek. Berdinketa momentu ugari izan zituzten partiduan zehar baina, Etxegarai eta Gamindek lortu zuten azken tantoa egin eta partidua irabaztea.
Bigarren partidua ere oso ondo jokatu zuten lau pilotariek. Amaia Aldai eta Uxue Osesek, beste behin, oso ondo funtzionatu zuten bikote modura, eta partidu borobila egin zuten. Arrizabalaga eta Galeanok ere ez zuten partidu txarra egin, baina Zarauzko Aritzbatalde oso pilotaleku exijentea da atzelarientzat, eta azkenerako Tuteran jaiotako atzelariari lanak pilatu zitzaizkion.
Gaur jarraituko dute txapelketarekin Donostiako Atano III. pilotalekuan. 18:30ean hasiko da lehen partida, eta, bertan, Arrizabalagak eta Galeanok Arraizaren eta Mendizabalen aurka jokatuko dute. Bestetik, Garaik eta Capellanek Etxegaraien eta Gaminden aurka izango dute lehia.