Elordi eta Altuna elkarren aurka arituko dira igandean Aritzbatalden

Intza Trula 2023ko abuztuaren 18a

Elordi eta Altuna besarkatuta, Bizkaia frontoian jokatutako buruz buruko finalaren ondoren. (EITB)

Masters Caixabank txapelketako ligaxkako azken bigarren jardunaldiko partida jokatuko dute eta Albisurekin eta Imazekin osatuko dute bikotea. 17:00etan hasiko da jaialdia. 

Caixabank Masters txapelketa jokatzen ari dira uztailaren amaieratik Aspe eta Baiko enpresetako pilotariak nahastuta, eta igandean Zarautzen dute hitzordua. Txapelketako ligaxkako azken bigarren jardunaldiko partida izango da eta Elordik eta Albisuk osatutako bikotea Altunaren eta Imazen aurka arituko dira.

Elordik eta Albisuk orain arteko partida guztiak galdu dituzte; beste bikoteak, berriz, bi irabazi eta bakarra galdu du. Hori horrela, norgehiagoka irabaztea izango dute helburu Altunak eta Imazek finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortzeko aukerak izaten jarraitzeko; izan ere, ligaxka amaitzean, sailkapeneko lehenengo bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara. Gainontzeko bikoteek play-offa jokatu beharko dute. Elordik eta Albisuk play-off hori lehiatuko dute; izan ere, bi partidaren faltan finalaurrekoetako zuzeneko txartela lortzeko aukerarik gabe daude.

Jaialdiko partida nagusia izango da aipatu bikoteen artekoa, baina beste bi ere jokatuko dituzte: aurretik Peio Etxeberria eta Bikuña Zabalaren eta Tolosaren aurka arituko dira, eta, jaialdiko hirugarren eta azken partidan, Egiguren V.-ak eta Arbizuk Expositoren eta Erostarberen aurka jokatuko dute.

Igandeko jaialdia Aritzbatalden bertatik bertara jarraitu nahi dutenek lotura honetan dute sarrerak erosteko aukera.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide