Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna izango da bihar. Hori horrela, urteroko ospakizuna egingo dute Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan goizean. Halaber, doakoa izango da museoko sarrera egun osoan.
Aurtengo ekitaldian, iaz zendu den Zarauzko argazki eta zinema museoaren sortzaileetako bat oroituko dute; Leopoldo Zugaza, hain zuzen ere. Omenaldia 12:00etan izango da eta Alberto Palomerak gidatuko du. Palomerarekin batera, Joan Fontcuberta, Carlos Cánovas, Darío Urzay eta Idoia Unzurrunzagak hartuko dute parte.
Durangon 1932an jaioa Photomuseumen sortzaileetako bat izateaz gain, kultura eta artearekin lotutako beste hainbat erakundeen abiarazlea ere izan zen Zugaza. Azken finean, kultur aktibista garratntzitsua izan zen azken hamarkadetako Euskal Herriko kulturaren sustapenean eta hedapenean.
Zugaza oroitzeko diskurtsoei bide eman aurretik, aurreskua dantzatuko dute 11:30ean, ondoren lore eskaintza egingo dute eta 11:45ean bertsoak abestuko dituzte.
Gaur Gela programako gaurko saioa
Gaur ere izango da zer egina Photomuseumen; izan ere, ostiralero legez, Gela programako saioa izango dute. Zinemako iraultza zibernetikori buruzko zikloa atzean utzita, uztaila hasieran zabaldu zuten Modus Vivendi bilduman oinarritutako Zantzua erakusketari helduko diote oraingoan. Horretarako, Edorta Kortadi arte kritikari eta historialaria gonbidatu dute eta hitzaldia eskainiko du aipatu erakusketari buruz.
Ohi bezala, 18:00etan hasiko da saioa eta librea izango da sarrera edukiera bete arte.