SKAPAko jaiak 2023

Hogeita hamar talderen marmitakoak 500 ahorentzat

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 12a, 14:47

Plaza Gorrian lan eta lan aritu dira dozenaka lagun goizetik, Patxi Iruretagoienaren X. Marmitako Lehiaketara ahalik plater goxoena aurkezteko. 14:00 aldera bukatu dituzte lanak, eta lehiaketarako platertxo bat utzita, gainerakoa herri bazkarian jango dute. Bazkalostean jakingo da nor den aurtengo irabazlea.

Gaur da SKAPAko jaien azken eguna, eta Plaza Gorrian giro paregabea dago goizetik. Izan ere, 10:30ean hasi da Patxi Iruretagoienaren X. Marmitako Lehiaketa, eta aurten talde mordoa aritu da lehian: hogeita hamar taldek eman dute izena.

Umore onean eta musika alaiak lagunduta egin dituzte lanak, eta 14:00 aldera aurkeztu dituzte platerak. Gainerakoa –20 lagun ingururentzako marmitakoa– herri bazkarian jango dute denen artean. 500 lagunek eman dute izena bazkarirako, eta 15:00etan hasiko dira sabelak betetzen Plaza Gorrian bertan.

Bazkalostean zuzeneko musika egongo da, eta sari banaketak egingo dituzte: orduan jakingo da zein den marmitako txapelketako irabazlea.

Mahaitik altxatzean, poteo girotua egingo dute auzoan barrena, 22:00etan bertso saioa izango da puntako bertsolariekin, eta aurtengo jaiak amaitzeko, etxeko talde batek eskainiko du erromeria gauerditik aurrera: Fan & Go taldeak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide