Kultur hedapenerako Aula programaren barruan, gaur Iraultza zibernetikoa zineman zikloaren laugarren saioa eskainiko dute Photomuseumen, 18:00etan hasita. Ohi bezala, doakoa izango da saioa.
Gaurkoan Alex Garland eleberrigile, gidoilari eta zientzia-fikziozko film ezagunen zuzendaria izango da protagonista. Besteak beste, Annihilation filmaren eta Devs telesailaren zuzendaria da. "Adimen artifizialari buruzko opera prima batekin estreinatu zen zuzendaritzan, Ex Machina, urteen poderioz generoaren klasiko bihurtu dena, eta ChatGPT ezagunak hartu duen garrantziarekin, gaurkotasuna duena. Ex Machina-k adimen artifizialaren garapenaren eta erabileraren inguruan dilema etiko eta moralak planteatzen ditu, baita haren mugak zeintzuk izan behar duten ere", azaldu dute antolatzaileek.
"Administrazioek urteak daramatzate adimen artifizialaren inguruko lege-bultzada bat garatzen, justizia administrazioarekin edo demokraziarekin lotuta izan dezakeen erabileraren inguruan. Beste arau eremu batzuk robotek izan ditzaketen erantzukizunei buruzkoak dira, baita adimen artifizialetik eratorritako obren jabetza intelektualari buruzkoak ere". Azken batean, "etorkizun bat zehazteke dago arlo teknologikoan zein juridikoan, eta filmak gogorarazten digu ziur aski ez gaudela fikziotik hain urrun".