Eskuderok eta Urruzolak irabazi dute Zaporraren Oroimenezko 57. Eskuzko Pilota Txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 11

Atzo arratsaldean jokatu zuten Frontoi Txikin finala, eta 22-10 emaitzarekin, erraz gailendu zitzaizkien Orbegozori eta Balerdiri. Hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida izan zen aurrez, eta han Aranbarri-Juaristi nagusitu ziren 22-7 emaitzarekin Oteiza-Gartziaren kontra.

Eguraldi ederrarekin eta ikuslez beteta jokatu zituzten atzo arratsaldean Frontoi Txikin Zaporraren Oroimenezko 57. Eskuzko Pilota Txapelketako finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida.

Final handiaren aurretik jokatu zuten beste partida, 18:30ean hasita. 22-7 emaitzarekin, erraztasunez nagusitu zen Aranbarri-Juaristi bikote azkoitiarra Oteiza-Gartzia bikotearen aurka. Hala, txapelketako hirugarren postua horientzat izan da.

Finaleko emaitza pixka bat estuagoa izan zen, 22-10 amaitu baitzen partida, baina han ere erraz nagusitu zen Eskudero-Urruzola bikotea Orbegozo-Balerdi bikotearen kontra. Irabazleek partida ederra jokatu zuten, eta aurrelariak tanto bikainak egin zituen. Bera izendatu zuten txapelketako jokalari onena ere. Txapela jantzitakoan, bi bertso abestu zituen mikrofonotik, eta txalo zaparrada jaso zuen.

Sariak Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko (ZKE) presidenteak eta Juan Miguel Zubiri ZKEko Pilota Saileko ordezkariak eman zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide