Astelehenean abiatuko da Aste Nagusia Zarautzen, eta festen harira, Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak Puntu Morea gunea jarriko du malekoian abuztuaren 14an, 15ean eta 16an; hau da, astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Zerbitzua 22:00etatik 01:00era egongo da zabalik, Eraso sexistarik gabeko jaiak lelopean.
Gune horretan eraso sexisten inguruko informazioa eta aholkuak emango dituzte, eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azaldu du helburua sentsibilizazioa dela, baina baita laguntza ematea ere: "Puntu Morearen helburua da bereziki gazteen artean sentsibilizazio lana egitea. Horrez gain, emakumeren batek laguntza beharko balu, edo norbaitek erasoren bat salatu nahiko balu, gune horretan beharrezko laguntza eskainiko zaie", zehaztu du.
"Argi esan nahi dut emakumeok libre eta seguru ibili nahi dugula kaleetan. Ez dugu onartuko inongo erasorik egotea gure herrian. Ez jaietan, ez beste edozein momentuan", gaineratu du Vazquezek. "Jaietan desinhibizio gehiago izaten da eta, horregatik, garrantzitsua da festen atarian jarrera matxisten eta erasotzaileen aurrean gaitzespen irmoa azaltzea".
Material banaketa eta photocall-a
Kontzientziazio lan honen barruan, Puntu Morean hainbat material banatuko dute: preserbatiboak; txapak eta pegatinak erasoen aurkako mezuekin, hala nola, Ez ezazu nire espazioa inbaditu, Nire janzkera ez da gonbidapena, Ni ere eraso sexisten aurka eta Erasotzea delitua da, defendatzea ez!; eskuorriak, non azaldu duten zer da eraso matxista bat eta zer egin behar den horren aurrean; sexu aholkularitza gunearen informazioa; Mapa Morea; eta indarkeria jasaten duten emakumeentzako udalaren baliabideak eta zerbitzuak ageri diren gida.
Gune horretan photocall-a ere jarriko du udalak lehen aipatutako mezuekin argazkiak ateratzeko. Argazki horiek Emakumeen* Etxeko webgunean jarriko dituzte, "guztion artean mezua zabaltzeko, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa baita emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko".