Gaur zabaldu dute San Pelaioko tren geraleku berria

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 7a

Goizeko aurreneko tren zerbitzuarekin batera zabaldu ditu ateak gaur  Iñurritza auzoan dagoen Euskotren trenbide sareko geralekuak, hainbat hobekuntzarekin.

Hainbat hilabetetako lanen ondoren, Euskal Trenbide Sareak gaur zabaldu du Iñurritza auzoan dagoen San Pelaioko tren geraleku berritua. Goizeko aurreneko tren zerbitzuarekin batera ireki ditu ateak, hainbat hobekuntzarekin. 

Izan ere, geralekuaren neurriak zabaldu egin dituzte oro har, eta igogailu berriak bizikletak sartzeko adina toki dauka. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak emandako datuen arabera, lehen 70 metroko luzera eta 2,80 metroko zabalera zuen nasak 10 metroko luzera irabazi du, eta aurrerantzean 3,5 metroko zabalera izango du. Geralekua babesteko, 11 metro inguruko markesina zegoen lehen nasaren erdian, eta 28 metrokoa izango da orain.

Horrez gain, geltoki berriak 100 metro koadroko azalera duen atari bat du orain, eta bertara azpiko pasabidetik iristen da. Txartelak saltzeko eta ezeztatzeko makinak eta informatzeko eta bezeroari arreta emateko mostradorea ditu, baita gela teknikoak ere.

Zerbitzua martxan da, beraz. Hori bai, momentuz Donostiako noranzkoan bakarrik dabiltza trenak, Meagako tunelean izandako luizi batengatik itxita baitago Zarautz eta Zumaia arteko tren zerbitzua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide