Hilabete eskas falta da Euskal Astea iristeko, eta Zarauzko Udalak argitaratu ditu Trikitilari Gazteen XLIII. Txapelketako oinarriak. Lehiaketa irailaren 6an izango da, asteazkenarekin, eta ohi bezala, arratsaldean jokatuko da Lege Zaharren enparantzan. 19:00etan jarri dute ordua.
Parte hartu nahi dutenek abuztuaren 25a baino lehen eman beharko dute izena udaleko Jai eta Ekitaldietako departamentuan (Kale Nagusia 30) edo 943-00 51 19 telefono zenbakira deituta.
Oinarriei dagokienez, maila bakarra egongo da, eta soinujoleek eta pandero-jotzaileek 20 urte bete gabe izango dituzte txapelketaren egunean. Gainera, Famili Liburuaren kopia edo NAN agiria aurkeztu beharko da.
Parte hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Horietako piezaren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du, eta izena emateko garaian adierazi beharko da zer pieza den norberak sortutako hori.
Sariak eta oinarri guztiak
Oinarri guztiak hemen daude ikusgai.
Bestalde, udalak jakinarazi du txapelketa irabazten duen bikoteak 250 euro, txapela eta garaikurra jasoko dituela, eta bigarren egiten duen bikoteak, berriz, 175 euro. Herriko aurreneko bikotearentzat, berriz, sari berezia egongo da.
Azkenik, txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 70 euroko dieta izango dute, eta kanporaketa gainditzen ez dutenek, 50 eurotakoa.