Zarauztarren doinuak

Izotz Barrioren doinuak

Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 09:00

Zarauztarren doinuak seriearen barruan, udako oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna kanta jasotzen ari da Zarauzko Hitza. Hona hemen Arraio Irratiko kide Izotz Barriok osatu duen zerrenda.

  • Zu (B.A.P.!!)

"Nire inguruan jende askok daki B.A.P.!!! taldea oso kutuna dudala. Gainera, bada jendea taldearen ibilbide osoa gustatzen ez zaiona, izugarrizko eboluzioa izan zutelako. Baina niri dena gustatzen zait, 80ko hamarkadako maketatik hasi eta azken diskora arte. Horregatik, abesti bat aukeratzea oso zaila egiten zait. Beraien Lehertzeko garaia diskotik Zu abestia aukeratuko dut, baina esan bezala, beste edozein ere jarriko nuke. Pena zuzenean ez ditudala sekula ikusiko…"

  • Curiosidad (Los Crudos)

"Agian zerrenda hauek irakurtzen dituenarentzat zarata gehiegi izango da, baina Los Crudos taldea oso kutuna dudan beste talde bat da. 90eko hamarkadako Chicagon sortua, punk-hardcore talde politiko aparta da. Nahiz eta estatubatuarrak izan gaztelaniaz abesten dute, partaide denak jatorri latinoamerikarra dutelako. Niretzat berezia izan zen talde hau Zarauzko Putzuzulon ikusi ahal izatea".

  • Gaur ere (Gartxot)

"Jendea beldurtu ez dadin, bakarlari batekin joango naiz. Gartxot bakarlariaz ari naiz, benetako Gartxot bakarlariaz, ez hartzez mozorrotuta ibiltzen den Madeleine taldeko kideaz. Lehen, Donostiako kaleetan abesten ikus zenezake. Tartean baditu autoekoitzitako pare bat disko. Nik Gaur ere abestia aukeratu dut.

Bide batez, Arraio irratiak grabatu zuen Putzuzuloko bere zuzenekoa gomendatu nahiko nuke ere. 10 euroko Beringher batekin egin daitezkeen gauzak!"

  • Mari (Endemaño)

"Seguruenik ia inork ezagutzen ez duen talde paregabea. Meñakakoak dira, Miguel Angel Lotina bezala, eta ibilbide laburrekoa esango nuke. 2-3 aldiz zuzenean ikusteko aukera izan nuen bere garaian, Usurbil, Zarautz eta Getaria artean. Ez dakit nola definitu hirukote honen estiloa, baina zuzenean ikaragarri gustatu zitzaidan taldea izan zen".

  • Obreritos (Karkaba)

"Urola Kostan bukatuko dut ibilbidea, Azpeitian egon den talde handienarekin seguruena: Karkaba. Musikalki ikaragarri gustatzeaz gain, beraien letra eta jarrera izugarrizkoa iruditu zait, koherentzia handikoa gainera. Bateren bat, pertsonalki ezagutzeko aukera ere izan dut. Zuzenean auskalo zenbat aldiz ikusi nituen bere garaian. Bi maketa, 7 hatzbeteko bikain bat, eta azken LP bortitza izugarrizkoak dira. Azken disko horretako abesti bat aukeratu dut". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide