Danda gazte asanbladak antolatuta Pala Txapelketa Mistoa eta Tortilla txapelketa egingo dituzte bihar 16:30etik aurrera Photomuseumaren kanpoaldean dagoen Villa Manuelako frontoian. Gazteen udako aisialdiaz hausnarketa egin ondoren uztailerako eta abuzturako prestatu duten Udanda egitasmoaren barruko ekitaldiak dira eta azken izango dira hilaren 19an, larunbata, egingo duten Udanda egun handiaren aurretik.
Biharko hitzordu horri begira, pala txapelketarekin emango diote hasiera eta parte hartu nahi duten bikoteek –neska batek eta mutil batek osatutakoak izan beharko dute– gazte asanbladaren sare sozialen bitartez edo Dandako kide batekin harremanetan jarrita eman dezakete izena. Nahikoa izerdi egin ondoren ekingo diote Tortilla Txapelketari eta antolatzaileek jakinarazi dute taldeetako bakoitzak bere materiala eraman beharko duela frontoira tortilla bertan egiteko. Alegia, sanpelaioetako Paella Lehiaketan egin zuten bezalaxe.
Amaitzeko, afaria egingo dute txapelketara aurkeztu dituzten tortillekin. Horrez gain, pikatzeko bestelako jakiak eta edariak ere izango dira.