Puzzle eta mus txapelketa jokatuko da arratsaldean, SKAPAko festen atarikoan

Intza Trula 2023ko abuztuaren 5a

Puzzle txapelketa Plaza Gorrian. (Zarauzko Hitza)

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festetan murgiltzen hasteko mus eta puzzle txapelketak egingo dira gaur, 16:00etan, Plaza Gorrian.

SKAPAko festetan murgiltzen hasiko dira gaur auzotarrak. Izan ere, festak abuztuaren 10era arte hasiko ez badira ere, gaur arratsalderako mus eta puzzle txapelketa antolatu dituzte. Plaza Gorrian izango dira biak, 16:00etan. 

Mus txapelketan parte hartzeko bikoteko 10 euro ordaindu beharko dira, eta izena ematea Plaza Gorrian egingo da, 15:30ean. Final-laurdenak eta finalerdiak auzoko tabernetan jokatuko dira, eta, finala, Plaza Gorrian.

Finalak amaitzean, txapelketako irabazleen artean hainbat sari banatuko dira:

  • 1. Saria: Txapela eta Kandela jatetxean bi pertsonentzat afaria.
  • 2. Saria: Garaikurra eta Tivoli jatetxean bi pertsonentzat afaria.
  • Gutxienez emakume batez osatutako bikote onenaren saria: Garaikurra eta Itsas-Berri jatetxean bi pertsonentzat afaria.
  • Auzoko bikote onenaren saria: Garaikurra eta Manuela jatetxean bi pertsonentzat afaria.

Halaber, puzzle txapelketan parte hartzeko, azkenportua@gmail.com helbidera idatzi beharko da, eta izena emateak 12 euro balioko ditu. Ez da taldekide edo adin mugarik egongo jolasteko, eta 25 taldek izena ematean zerrenda itxiko dute. Gainera, parte hartzaileentzat izango da lehiaketan erabilitako puzzlea. 

Mus txapelketan egingo den moduan, puzzle lehiaketan ere hainbat sari banatuko dira:

  • 1. Saria: Garaikurra eta Izeta sagardotegian bi pertsonentzat afaria.
  • 2. Saria: Zubi-Ondo jatetxean bi pertsonentzat afaria.
  • 3. Saria: Iruña jatetxean bi pertsonentzat afaria.

Horrez gain, festei jarraipena emanaz, abuztuaren 12an marmitako lehiaketa egingo dute auzoan. Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek honako oinarriak argi izan beharko dituzte:

  • Izena abuztuaren 8a baino lehen eman beharko da, Isabel tabernan. Izena ematerakoan taldekide bakoitzaren izen-abizenak eta taldearen izena zehaztuko dira.
  • Bi edo hiru pertsonako taldeak izan beharko dute, eta gehienez 30 talderentzako lekua egongo da.
  • Bertan egongo diren osagaiak honakoak izango dira: Olioa, salda, piperrak, patatak, gatza, tipula, tomatea eta atuna. Osagai sekretuak, norberaren kontu.
  • Ezin da etxetik ezer prestatuta eraman. Osagaia gordinak bakarrik ekarri daitezke.
  • 14:00etarako marmitakoa entregatu beharko da; beranduago egiten duen taldea lehiaketatik kanpo geratuko da.
  • Prestatutako marmitakoak denen artean jango dira auzo bazkarian.

Halaber, lehiaketa amaitzean egingo den auzo bazkariko txartelak kamiseten postuan egongo dira salgai. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide