Zarauzko Udalak ongietorria eman die Oporrak Bakean programaren bitartez Euskal Herrira etorri diren hainbat haur sahararrei. Era horretara, basamortuan dauden errefuxiatuen kanpalekuetatik urrun igaroko dituzte urteko hilabete beroenak.
Orotara 11 umeri egin diete harrera udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako ordezkariek: hiru Zarautz eta Getariako harrera familietan ari dira uda pasatzen Saharautz elkarteak haien etorrera bideratu ondoren, eta beste zortziak Tolosako aterpetxe batean daude. Guztiek, Zarautzen pasatuko dute gaurko eguna, baina plana egokituta; izan ere, hondartzara joateko asmoa zuten, hasiera batean. Eguraldia tarteko, ordea, Gaztelekuan jolasak egingo dituzte hainbat begiraleren gidaritzapean.
Harrera ekitaldira itzulita, Xabier Txurruka alkatea izan da hitza hartu duen ordezkari politiko bakarra eta eskerrak eman dizkio Saharautzi Mendebaldeko Sahararen alde egiten duen lanagatik eta prest agertu da udalaren laguntza eskaintzen jarraitzeko. Halaber, programak azken urteetan izan duen beherakadaren aurrean adierazi du espero duela "hazia noizbait berriro ernetzea".