Los 40 Summer Live musika jaialdiak laugarrenez egingo du geldialdia Zarautzen datorren igandean. Uztailaren 16an hasi zuten bira eta abuztuaren 22an amaituko dute, orotara hogei saio eskaini ondoren. Euskal Herrian bakarra egingo dute: Zarauzkoa, hain justu ere. Halaber, penintsularen iparraldeko lehenengo emanaldia izango da; izan ere, Laredora (Kantabria) eta Candasera (Asturias) joko dute jarraian. Datorren astelehenean eta asteartean eskainiko dituzte saio horiek.
Emanaldia doakoa izango da eta 21:00etan eskainiko dute malekoian, Damaren parean atonduko duten agertokian. Bertaratzen direnek Los 40 irrati katean gehien entzun daitezkeen bakarlariak nahiz musika taldeak zuzenean jarraitzeko aukera izango dute: Beret, Marc Segui, Bombai, Zzoilo, Walls, Almacor, Hilario, Charlie USG eta Depol igoko dira oholtza gainera. Haiekin batera, Lorreine euskal taldeak ere eskainiko du kontzertua. Ikuskizunari hasiera emango dion laukotea izango da, hain justu. Gainerakoan, antolatzaileek ez dute ordena zehaztu: "Itxi gabe daukagu oraindik, oso jaialdi aldakorra baita", arrazoitu du Josu Ortega Los 40k Euskadin dituen irratietako koordinatzaileak. Horrez gain, adierazi du "sorpresaren bat" ere izango dela.
Ortegaren esanetan, «oso dinamikoa» da musikariek beren "hiru edo lau kantu" abestuko dituztelako soilik: "Hamabi bat minutuko emanaldiak izango dira", zehaztu du. Edonola ere, musikak ez du etenik izango, talde batek amaitu eta hurrengoa hasi bitartean, David Alvarez DJak jarriko duelako publikoa dantzan. Gainera, zuzeneko guztiak amaitutakoan jarraipena emango dio festari.
Mari Jose Aranguren Los 40 Euskadiko esatariak argitu du, halaber, «pop doinuak» nagusituko direla jaialdian: "Pop musikarekin lotzen du jendeak gure irrati katea eta jaialdia egiten ditugun irratsaioen isla izatea nahi dugu. Dena den, erritmo urbanoak ere oso presente egongo dira".
Publiko zabala
Bertaratuko den publikoari lotuta, bestalde, Ortegak adierazi du adin orotariko ikusleak espero dituztela: "Nerabeek ez ezik, guraso askok ere entzuten du gure irratia, eta jaialdian ere islatzen da hori. Hala ere, agertokitik gertuen gaztetxoenak kokatuko dira ziur. Agertoki-trailerra iritsi bezain pronto ilara egiten dute toki ona hartzeko".
Hori horrela, aurten ere musikazale asko espero ditu Zarauzko Udalak. "Milaka pertsona elkartu ohi ditu jaialdi honek eta eguraldiak laguntzen badu, aurten ere hala izatea aurreikusten dugu", adierazi du Leire Arana Turismo zinegotziak. Bada, jende multzo handi horrek eragin ditzakeen arazoak saihesteko, aurreko edizioetako segurtasun protokoloari eutsiko diotela jakinarazi du: "Damako agertokiaren atzean sortu daitezkeen tapoiak saihesteko, itsas pasealekua itxiko dugu puntu horretan, eta Mendilauta kalea ere itxiko dugu ibilgailuentzat jendeak bertatik pasatzeko aukera izan dezan".
Era berean, bertaratu nahi duten inguruko herrietako bizilagunei erraztasunak eskaintze aldera, garraio zerbitzu publikoa indartuko dute aurten ere. "Gaueko tren eta autobus zerbitzuak jarriko ditugu Donostiako eta Zumaiako noranzkoetan maiztasun handiarekin", zehaztu du Turismo zinegotziak.
Los 40ko kideek ere egin dute garraio publikoa erabiltzeko deia, batik bat, "ingurumena zaintzeko bidean". Zentzu berean, plastikoaren birziklapena sustatzeko From Trash to Live [Zaborretik bizitzara] kanpaina ere jarriko dute martxan iaz bezalaxe. Hori horrela, hainbat edukiontzi jarriko dituzte Dama inguruan, udalaren laguntzarekin, eta emanaldia amaitutakoan pisatu egingo dute bildutako plastiko hori guztia.