Antzerkia Familian egitasmoaren barruan, Eleder magoaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek eta gaztetxoek gaur arratsaldean. Modelo Aretoan eskainiko du 19:00etan hasita. Hasiera batean Villa Manuelako frontoian zuen egitekoa, udan kalean eskaintzen baitituzte Antzerkia Familian egitasmoko saioa, baina eguraldi euritsua dela eta Modelora lekualdatu dute, esan bezala.
Nolanahi ere, doako emanaldia izango da. Beraz, bertaratu nahi duten herritar guztiek izango dute horretarako aukera. Kontuan hartu beharko dute, dena den, aretoaren edukiera mugatua dela. Horregatik, aldez aurretik hartu beharko dituzte gonbidapen sarrerak Modelo Aretoko txarteldegian. Leihatila 18:00etan zabalduko dute eta herritar bakoitzak lau sarrera hartu ahalko ditu gehienez.
Uda sasoirako haurrei eta gaztetxoei zuzendutako hainbat emanaldi antolatzen ditu Zarauzko Udalak, eta horien artean dira, Antzerkia Familianen barrukoak. Gaurkoa laugarren emanaldia izango da; izan ere, aurreko asteetan, Antipasti antzezlanaz, Indartsuak zirko ikuskizunaz nahiz Potx eta Lotx pailazoen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten herritarrek.
Gaurkoaren ondotik, datorren asteetan ere izango dira ikuskizunak. Besteak beste, abuztuaren 24an Organik antzezlana eta abuztuaren 31n Kantu Koloreren Txiki festa izango dira.